Laudioko Udala

Hizkuntz eskakizuna ez betetzeagatik lanpostua galdu zuen langilearen aldeko epaia berretsi dute

Erredakzioa 2023ko abe. 15a, 12:46
Laudioko Udalaren errekurtsoa atzera bota du EAEko Auzitegi Nagusiak. / ALEA

EAEko Auzitegi Nagusiak ez du onartu Laudioko Udalaren errekurtsoa, eta berretsi egin du Gasteizko epaile batek euskara "munduko hizkuntzarik zailenen artean bosgarrena dela" esanez eman zuen aurreko sententzia.

Hizkuntz eskakizuna ez egiaztatzeagatik Laudioko Udaleko bitarteko langile baten kargugabetzea bertan behera utzi du Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak. Hainbat komunikabidek argitaratu dutenez, EAEko auzitegiaren Administrazioarekiko Auzien Salak atzera bota du Laudioko Udalaren errekurtsoa, eta berretsi egin du aurretiazko instantziaren epaia; hain zuzen ere, Gasteizko epaitegi batek kaleratzea bertan behera utzi baitzuen, 2021eko abenduan, uste zuelako langileak ez zuela euskara egiaztatu behar 45 urtetik gorakoa zelako.

Hautsak harrotu zituen Gasteizko epailearen sententzia hark, euskara "munduko hizkuntzarik zailenen artean bosgarrena dela" argudiatu zuelako; eta arrazoibide juridikoan sakonduta, erantsi zuen zailtasunari dagokionez "zenbait zerrendatan lehen postuan" dagoela euskara.

Bada, Laudioko Udalak errekurtsoa aurkeztu zuen epaiaren kontra, baina EAEko auzitegiko Jose Antonio Gonzalez Saiz epailea buru duen sailak argudiatzen duenez, legeak 45 urtetik gorako langile publikoentzat  hizkuntza eskakizunaren salbuespena ezartzen du, eta bitarteko langileei ere aplikatu ahal zaie salbuespen hori. Sententzia bitarteko langileak ez diskriminatzeko printzipioan oinarritzen da, eta adierazten du, kasu honetan behintzat, jada lanpostuan egonik eta lanpostua finkatzeko oposiziorik deitu gabe, langilea ez zela kargutik kendu behar.

Laudioko Udalak hogeita hamar eguneko epea du Auzitegi Gorenean kasazio-errekurtsoa aurkezteko. Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia, beraz, ez da oraindik irmoa. Aiaraldea.eus komunikabideak aditzera eman duenez, epaiaren aurrean, tokiko erakundeak hiru bide ditu. Alde batetik, epaia zuzenean betetzea. Horrek, aldi berean, bi emaitza ezberdin ekar ditzake; edo lanpostu batera itzultzea, edo tokirik ez izatea. Izan ere, gogoratu beharra dago teknikaria erakundean sartu zenean psikologo postuan egin zuela eta hirugarren hizkuntza eskakizuna egin ziotela postu hori menpekotasunen teknikaria bilakatu zutenean. Hortaz, Udalak aztertu beharko du, lehenik eta behin, jatorrizko postu hori existitzen den jadanik. Egokitu ahalko balitz, udaletxera bueltatuko litzateke. Horrela izango ez balitz, Udalak kalte-ordaina emango beharko lioke -bigarrena, alegia-.

Beste aukera bat da helegite berria jartzea eta horretarako hilabete bat dauka tokiko erakundeak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide