Trebiñuko bizilagunen "bizi kalitatea hobetuko" duen akordioa indarrean da

Erredakzioa 2021ko abu. 3a, 09:46

Ramiro Gonzalez eta Cesar Rico, Araba eta Burgoseko ordezkariek, sinatu zuten akordioa. / AFA

Arabako Aldundiko eta Burgoseko Diputazioko agintariek 14 arlo ezberdinetan eragingo duten hitzarmenak adostu dituzte.

Astelehen goizean, Burgoseko Diputazioaren egoitzan, bi erakundeen arteko akordioa sinatu eta "Trebiñun bizi diren herritarren zerbitzuak hobetzeko" hitzarmenaren berri eman zuten agintariek.

Ramiro Gonzalezek bi aldeen artean akordio batera iristeko gaitasuna azpimarratu nahi izan zuen. Denbora luzez elkarri bizkarra emanda egon ostean, hilabete luzeetako lanari esker, bi Diputazioen arteko akordioa gauzatu egin da.

Gonzalezen esanetan "Trebiñun bizi diren herritarren bizi kalitatea hobetu nahi da" 14 esparrutan gauzatuko den akordio honen bitartez; eta aurrera-pausua dela onartu arren, "honek ez du esan nahi integrazioaren bidea alde batera uzten denik". Bere hizketaldiaren amaieran Arabako Diputatu Nagusiak "aldarrikapenak hor jarraitzen duela" gogorarazi nahi izan du, baina "integraziorako urratsak emateko beste bide bat" jarraitu beharra dagoela gaineratu du eta "erabakia beste erakunde batzuen menpe dagoela" adierazi du.

14 arlotan adostasuna


Hitzarmen berriak arlo ezberdin ugari jasotzen ditu eta dakarren berritasun nabariena genero indarkeriaren biktimei esakainiko zaien babes handiagoa izango da; hala behar duten kasuetan, baliabide espezializatu gehiago erabili ahal izango baitituzte.

Honakoak dira hitzarmenak jasotako 14 arloak:

  1. Adinekoak, desgaituak eta mendekotasunak dituztenak gizarteratzea eta gizarte arreta ematea.
  2. Genero indarkeriaren aurkako protokoloak eta koordinazioa. Berdintasunaren arloko politika publikoak.
  3. Gazteriaren arloko politika publikoak.
  4. Babes zibila eta larrialdiei aurre egitea, bereziki prebentzio, su itzaltze eta salbamendu arloan.
  5. Komunikazio eta garraio azpiegiturak.
  6. Neguko bidezaintza planak.
  7. Ekipamendu eta bestelako azpiegituretako elementu txikiak kontserbatzeko, mantentzeko eta zaharberritzeko proiektuak.
  8. Ondasun historiko artistiko babestuak kontserbatzeko, mantentzeko edo zaharberritzeko proiektuak.
  9. Ingurumena eta espazio bereziak babesteko proiektuak, hondakinak bildu eta kudeatzekoak, eta uren arloko babes eta esku hartze proiektuak.
  10. Landa ingurunea sustatu eta babestea, jarduera ekonomikoa bera sustatzeko zein landa inguruneko pertsonak eta proiektuak lagundu, garatu eta bultzatzeko politikak koordinatuz.
  11. Elkarlanean aritzea udalaren diru bilketaren kudeaketan.
  12. Hornidura eta zerbitzuen administrazio kontratazio zentralizatua erraztea.
  13. Kultura eta kirol jardueren sustapena.
  14. Euskara sustatu eta bultzatzeko jarduerak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago