Garai bateko Trebiñuko bizimoduari buruzko erakusketa zabaldu dute

Mirian Biteri 2017ko eka. 1a, 12:30

Gerardo Lopez de Gereñu funtseko irudiak ikus daitezke Arabako Artxibo Historikoak unibertsitateetan duen egoitzan.

Arabako Probintzia Artxibo Historikoak badu argazki erakusketa berria erakusgai. Oraingoan, pasa den mendeko 30 eta 50 hamarkada artean, Trebiñun ateratako irudiak dira artxiboan bertan ikus daitezkeenak. Gerardo Lopez de Gereñu funtsekoak dira guztiak.  

Arabako lurraldearen historiaren zehar bidaia proposatzen du urtero artxibo historikoak, argazki erakusketa baten bidez. Agiritegi Zerbitzuaren arduradun Marimar Masedok gogorarazi du pasa den urtean Arabaren zazpi alabak izenekoa antolatu zutela. Araba osoan zehar barreiatutako lekuak ezagutaraztera eman ziren orduan erakusketa horren bidez.

Aurten, Trebiñuri eskaintzea erabaki dute: "Administratiboki Araba barruan ez badago ere, Trebiñu Araba da, eta, hortaz, merezi duen tokia eman nahi izan diogu", jakinarazi du Masedok.

26 argazki

Denera, 26 argazki daude ikusgai; herriak eta paisaiak agertzen dira horietako askotan, baina, baita garai hartako ohitura, ogibide eta egunerokotasunarekin lotutako jarduerak ere. Azken horien artean, trebiñarrak bola-jokoan edo artaldea zaintzen dagoen artzaina ikus daitezke, esaterako.   

Gerardo Lopez de Gereñu argazkilari eta etnografo gasteiztarrak ateratako irudiak dira guztiak. Haren funtsak 25.000 argazki inguru dauzka; Araba osoko arkitektura eta arte ondarea, kaleak eta plazak, usadioak, ospakizun zibil eta erlijiosoak islatu zituen bereziki horietan.

Abuztuaren 31ra arte

Ostegunean, ekainaren 1a, inauguratu zuten erakusketa Arabako Probintzia Artxibo Historikoan, eta abuztuaren 31ra arte bisitatu ahalko da honako ordutegian: 08:15etik 14:30era. Dena dela, jabe da Masedo erakusketaren ordutegia ez dela aproposena, eta hori dela eta, horren gaineko bideoa egin dute. "Denbora tarte horretan artxibotik pasatzerik ez duten baina erakusketan interesa duten lagunentzako bideoa prestatu dugu. Edonork ikus dezake Diputazioko atarira sartuta", nabarmendu du Masedok.  

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide