Arabako Ogiaren lehenbiziko aleak urrian jarriko dira salgai lau okindegitan. Trebiñuko Iudari elkarteak aztertu du ogia Arabako irinarekin eta herrialdean bertan egitea bideragarria den ala ez, eta errentagarria dela frogatzeko proiektu bat martxan jarri du. Modu honetan bertako ogia sustatu eta zabaldu nahi dute. Iudari elkarteko kide Oihana Garcia aleafm irratsaiora gonbidatu dute, Arabako Ogia proiektuaren inguruan hitz egiteko.
Garia biltzen denean Arabako lau okinek Arabako ogia egingo dute. Noiz izango da hori?
Garia uztailan jasoko da, gero irina egin behar da, eta kalkulatzen dugu urrirako edo azarorako gehienez jota izango dugula erosteko prest. Printzipioz lau okin sartu dira, proiektu pilotua delako, baina asmoa da hedatzea. Instituzioek bultzatzen dute asmoa, zehazki Arabako Diputazioak, eta edozein okina interesatuta baldin badago, aurrera.
Gari mota desberdinak erein dira herrialdean, zeintzuk? Zergatik horiek?
Garia Araban modu intentsiboan landatzen da, eta horretarako behar da gari mota berezi bat, errendimendu asko ematen duena, eta tratamendu kimiko asko eramaten dituena, beraz ingurumena zaindu gabe ereiten da. Arabako Ogian nahi dugu kontrakoa egin, ingurumena gehiago zaintzea, eta horrekin batera lehengo gariak berreskuratzea, lehen landatzen ziren gari motak. Lau gari mota landatu ditugu, Neiker eta Arabako Aldundiak egindako ikerketa batean identifikatutako gariak dira.
Araban non landatu dira gari mota hauek? Zenbat hektarea?
Lau nekazari prest zeuden froga egiteko, bi Lautadan eta beste bi Mendialdean. Hamar hektarea landatu dira, ez dira hektarea asko, proiektu pilotu bat delako; hau epe luzeko egitasmoa da, uste dugu gauzak beste modu batean egin nahi duten nekazari gazteentzat, berritzaileentzat erakargarria izan daitekeela, aukera ona izan daiteke.
Garia landatuta dago, bildu, eta harrizko errotan eho nahi duzue. Zenbat harrizko errota daude Araban?
Oso gutxi. Lehen herri guztietan ogia oinarrizko elikadura zen eta errota zuten, baina industrializazioarekin enpresa handiak hasi ziren ogia egiten, okinaren ofizioa ere galdu zen, eta horrekin batera harrizko errotak. Dena dela hiru errota bildu ditugu proiektu honetarako. Urizaharran dago bat, beste bat Lautadan, Muniainen, eta beste bat Gaubean, Gurendesen. Horiek erabiliko ditugu, baina ez dugu baztertzen zilindrozko errotak erabiltzea; kantitate handia baldin bada harrizko errotekin ez da nahikoa izango, beraz Kanpetzuko fabrika erabiliko genuke.
Errentagarria da Araban bertako irinarekin ogia egitea?
Errentagarritasuna aztertzeke dago. Bai ikusi dugu aukera ona izan ahal dela beste modu batean landatzeko eta produktuak ekoizteko.
Nekazariek zergatik ez dute landatzen ogia egiteko garia? Arabako nekazariak une honetan eredu produktibista eta intentsiboan sartuta daude, askotan behartuta, lur asko dauzkate, ekoizpen desberdinak, eta askotan Europako laguntzaren arabera landatzen dituzte gauzak.
Zergatik eramaten da Arabako garia kanpora?
Merkatua horrela antolatuta dago. Nekazariek ez dituzte saltzen euren produktuak merkatuan, kooperatibetara eramaten dute garia eta kooperatibek merkatu globalean saltzen dute, horregatik gari hori ez da inoiz heltzen gure dendetara, eta horregatik guk jaten dugun ogia inoiz ez da hemen egindakoa.Guk nahi dugu alternatiba bat eman, eredu honetan nekazariek ez dute alternatibarik, saltzen dute eskaintzen dieten prezioan eta landatzen dute eskatzen dieten gari mota, eta guk nahi dugu beste alternatiba bat bultzatu, ingurumena zaindu... Horretarako beste merkatu kate batzuk bildu behar dira proiektura, eta horretan gaude.
Kontsumitzaileak interesa al du Arabako ogian?
Interes handia sortu du gaiak, badirudi gizarteak baduela interesa, finean kalitatezko produktua izango da, osasuntsua, bertakoa.
Urritik aurrera nola jakingo du kontsumitzaileak Arabako Ogia erosten ari dela? Ziurtagiria izango du ogiak?
Agian oso goiz da ziurtagiria egiteko baina jarri behar gara horretan pentsatzen. Ogia egiteko hiru alde daude: nekazaria, errotaria eta okina, eta hiruron artean adostu behar ditugu oraindik gauza asko. Behin adostuta hori, ziurtagiria egingo dugu. Ogia Arabakoa bai baina baldintza batzuk betetzea ere zehaztu beharko dugu.
Arabako ogiaren eta edozein supermerkatuan eros daitekeenaren artean zer aldeak egongo dira, garestiagoa izango al da? Nutrizioaren aldetik hobeagoa izango al da?
Supermerkatuetan baditugu oso ogi merkeak baina oso kalitate gutxikoak ere, eta horiekin ezin izango dugu lehiatu, hori argi dago, baina prezioa ezin da altuegia izan, ogia guztiontzat da, oinarrizko produktua da. Nutrizioaren aldetik, ogia astiro eta modu artisauan eginda baldin badago, eta gari mota on batekin, hobeagoa izango da. Aurten EHUk ikerketa bat egingo du urrian aterako dugun ogiaren eta supermerkatuetan dagoenaren artean, aldeak azaltzeko.
Zer da Iudari Elkartea eta zergatik bultzatu duzue Arabako Ogia proiektua?
Iudari Trebiñuko elkarte bat da eta gure helburu nagusia tokiko garapen iraunkorra bultzatzea da; arlo horretan hainbat jarduera egiten dira, ikastaroak, tailerrak, Trebiñun baratza ekologikoak bultzatzen ditugu, jendearen arteko harremanak sustatzen ditugu, ondarea babesteko ekimenak lagundu... Helburu horrekin bat dator Arabako Ogia proiektua, eta horregatik sartu gara. Trebiñun gari asko dugu, inguratuta gaude, eta errota pilo bat, ez daude erabilgarri zoritzarrez, baina herri guztietan errota bat dago.