Burgosko Diputazioarekin negoziatuko duten hitzarmen berria adostu dute Arabako Aldundiak eta Trebiñuko bi udalek, azkenik. Hartara, Burgosko Diputazioari gutuna igorri dio Pilar Garcia de Salazar Arabako ahaldun nagusiordeak, bilera eskatuz. Burgosko Diputazioaren bozeramaile Borja Suarezek aleari baieztatu dio gutuna jaso dutela, eta aste honetan bertan jarriko dela harremanetan Arabako Diputazioarekin, hurrengo astean bilkura egiteko.
Suarezek "prestutasun osoa" agertu du zerbitzuen hitzarmenaren inguruan hitz egiteko. "Arabako Diputazioarekin, beste instituzioekin bezala, gure eskumenen arloan, kolaborazio espazioak ditugu, eta harreman instituzionalak onak dira". Trebiñun ematen diren zerbitzuak hobetzeko balizko hitzarmenak sinatzeko prest daudela nabarmendu du. "Bilduko gara eta ikusiko dugu ea aukera dagoen akordioetara iristeko", esan du Suarezek.
Dena den, kritiko agertu da Burgosko Diputazioaren bozeramailea Trebiñuko Konderriko alkatearen jarrerarekin. "Harrituta gaude hainbatetan agertzen duen jarrera erradikalarekin eta esaten duenean gurekin ez duela ezer adostu nahi".
Negoziazio prozesu berria adosteko Trebiñuko Konderriko alkate Ernesto Argoteren errezeloak aski ezagunak dira, eta horiek gainditu behar izan ditu Arabako Diputazioak; Argotek duela aste batzuk esan zuen "eszeptikoa" zela proposamenarekin. alean adierazi zuenez, "ematen ez dituen zerbitzuen kostua ordaintzeko exijituko dio Burgosi Arabako Diputazioak, baina proposamena onartuko duen esperantza handirik ez dut".
Bi urteko hitzarmena
Trebiñuko Konderriko eta Argantzungo Udalen oniritziarekin bi urteko hitzarmena planteatuko da Arabatik –bigarren urte bat luza daitekeen urtebetekoa–. Bi udalerritan garatu behar diren zerbitzu ezberdinak nola banatu eta kudeatu aurreikusiko lituzke hitzarmenak.
Burgosko Diputazioarekin egin nahi duten bilkuran ez da Trebiñu Araban sartzeari buruz hitz egingo, gai administratiboak jorratuko baitira soilik. Arabako Diputazioak planteatuko duen hitzarmenaren helburua argia da: "Trebiñuko udalerrietako biztanleek jaso behar dituzten zerbitzuak ahalik eta baldintza hoberenetan jasotzea, beti ere alde bakoitzak duen eskumenen eremua errespetatuz". Zehazki, hitzarmenak balio beharko luke: "Trebiñuk bi herrialderekin dituen harremanei buruzko txostena egiteko, eta horren arabera biztanleek jaso behar dituzten zerbitzuen inguruan kolaborazioa zer eremutan eman behar den zehazteko".