Dimisio saiakeraren ostean kezka agertu du Trebiñuko alkateak

Estitxu Ugarte 2016ko ira. 30a, 13:38
Ernesto Argote, eskubian, Arabako Aldundian izandako bilkura batean. Arg: Quintas

Ernesto Argotek Trebiñuko alkate karguari uko egiteko idatzia aurkeztu eta erretiratu du astebeteko epean.

Udalak aurkeztutako Zerbitzuen Trantzisiozko Hitzarmen Orokorra lortzeko "presionatu" nahi izan du alkateak dimisioa aurkezteko keinuarekin. Azkenik, Burgosko Diputazioarekin beste mota bateko hitzarmen bat negoziatzea proposatu du Arabako Aldundiak, eta aste honetan jaso nahi du Udalaren oniritzia.

Arabatik eta Gaztela Leondik antzematen zuten "blokeoa" apurtzeko "botere hutsunea" sortu nahi izan dute Trebiñuko Udaleko taldeek, Argoteren esanetan. Aurreikusita zuten alkatearekin batera alkateordeak uko egingo ziola karguari; Ignacio Portilla buru duen talde independientearen (AEICT) bi zinegotzi, baita EAJkoa eta EH Bildukoa ere prest agertu ziren kargu horiek ez hartzeko. Haatik, beste talde bateko zinegotzi batek (Condado para todos) alkate  kargua hartuko zuela esan zuen, eta azkenean atzera egin behar izan zuen Argotek, eta dimisioa erretiratu. 

Ondorioz, alkateak berak esan duen bezala, zerotik hasi behar dira. "Orain hasi behar gara berriro hitzarmenari buruz hitz egiten. Arabako Diputazioak beste mota bateko hitzarmena eskaini digu, eta eskatu digu Burgosekin negoziatzeko aukera ematea". 

Kezka agertu du Argotek, Udala gobernu gabe uzteko plana zapuztu ostean "tirabirak" sortu direlako. Halaber, eszeptikoa da Arabako Diputazioak egin duen proposamenarekin. "Haiek negoziatuko dute hitzarmen bat, urte baterako, eta Burgosi exijituko diote ordaintzeko ematen ez dituen zerbitzuen kostua; lurraldetasunaz ez badute hitz egin nahi bederen ordaintzea. Burgosek onartuko duen esperantza handirik ez dut".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide