Konpostatzeko plan bat proposatu dute Trebiñun

Estitxu Ugarte 2016ko mai. 6a, 09:00

Trebiñuko Konderriko udalerrian sortzen diren hondakin organikoen %100a konposta dadin plan estrategiko bat osatzea eskatuko du Gutxisolo Elkarteak

Ekimenarekin bat egiten duten Trebiñuko bizilagunen babesak jasotzen ari dira une honetan, eta aurki proposamena aurkeztuko dute udalbatzan.

Gutxisolo Elkarteak azaldu duenez, udalerrian sortzen dituzten hondakin organikoak zaborrontzietan botatzen dituzte gaur egun, errefusarekin batera. Hondakin horiek enpresa batek garraiatzen ditu Mirandako zabortegira, eta tratamendurik gabe, beste hondakin batzuekin batera nahastuta bukatzen dute, kutsadura sortuz. "Trebiñuko bizilagunok talde bat osatu dugu udalari hondakinen kudeaketan jasangarritasunaren ikuspegitik laguntzeko asmoz, bereziki, hondar organikoei dagokienez".

Hala, Udalarekin kolaboratu nahi dutela esan dute, "zabortegian sortzen den kutsadura alde batera utzi eta konpostajeari ekiteko". Abiapuntutzat plan ordenatu bat proposatzen dute. Honetan, lehenik eta behin, gaurko egoeraren argazkia egiteko beharra azpimarratzen du Gutxisolok,  eta aipatu du udalerrian sortzen dituzten hondakinen bolumenari buruzko ikerlanik ez dutela ezagutzen.  Hartara, "argazkia egiteko, udalak hondakinak biltzeko kontratatutako enpresaren kolaborazioa beharrezkoa izango da".

Behin oinarrizko diagnostikoa egin ostean, helburu partzialak eta bide estrategikoak erabaki beharko dira. Ildo horretan, elkarteak uste du bizilagunei hondakin organikoen beste kudeaketa-bide iraunkorrago eta arduratsuago bat erakutsi behar zaiela; umeak eta, haien bidez, bere gurasoak, konpostajearen onuren gainean kontzientziatu behar direla, eta finean borondatezko ekimen txikien bitartez, autokonpostaje eta konpostaje-komunaren modelo desberdinen aukerak zabaldu behar direla. 

Sentsibilizazio jarduera ezberdinen eta tokiko praktikaren bitartez "konpostajea udaleko elkarrizketa gai bezala agertzea" bilatu behar dela uste du taldeak: "Harekin gogoeta kolektiboa piztea eta gehiengo sozialak materia organikoaren kudeaketa berria parteka dezala lagunduz".

Azken urratsa kudeaketa modelo desberdinetan sakontzea litzateke, eta beharrezkoak diren azpiegitura eta giza baliabideak zehaztea. Halaber, konpostaje planak kostuak eta diru laguntza posibleak  aztertu beharko lituzkeela adierazi du elkarteak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide