Artistak, Ataurira bueltan

Erredakzioa 2022ko ira. 1a, 10:00
Tornillo pailazoa Atauri Art jaialdiaren 11. edizioan izango da, urriko saioan. @tornillomagicclown

Irailaren 9tik 11ra, eta urriaren 22an eta azaroaren 27an ospatuko da Atauri Art jaialdiaren 11. edizioa. Eszenatoki handietatik jaioterrira itzuliko da Arabako Mendialdeko hitzordu garrantzitsuenetakoa.

Atauri Art jaialdiaren hamaikagarren edizioa beteko da aurten, eta bi urteko egoera "bereziaren" ostean, bere jaioterrira itzuliko da Arabako Mendialdeko kultura egutegian ezinbestekoa den hitzordu kulturala. Izan ere, azken bi urteetan, jaialdiari eusteko, kokalekua aldatu behar izan dute, eta eszenatoki handiagoak lehenetsi behar izan dituzte. "Gure herri txikiari bizitza emateko sortu zen jaialdia Ataurira itzuliko da, eta oso pozik gaude. Egia da Zumalde leku paregabea dela horrelako emanaldiak egiteko, eta horregatik ez dugu baztertu nahi izan Maeztuko eszenatoki hori, baina hitzordu nagusiak Ataurira itzuliko dira", esan du Ruth Ibisate Arratiandi kultur elkarteko kideak.

Irailaren 9an inauguratuko da Arabako Mendialdeko topaketa kultural nagusietakoa. "Ohi bezala, arte eszenikoen inguruko asteburu potentea antolatu dugu, irailaren 9tik 11ra, eta halaber, urrian eta azaroan emanaldi bana izango ditugu, behin uda igarota, herrietan bizitzen geratzen garen bizilagunek disfrutatzeko".

Askotariko saioak

Denetarik dago Atauri Art jaialdiko programazioan. "Oso programa askotarikoa da, saiatzen gara hala egiten: zirkua, antzerkia, ipuin kontalaria… Adin eta gustu guztientzat", azpimarratu du Ibisatek. Gainera, aurkeztuko diren lan guztiak berriak izango dira Atauriko ikusleentzat, urriaren 22an Quique Montoya pailazoak antzeztuko duen Tornillo Gold Edition izan ezik. "Orain dela urte batzuk egon zen herrian, eta maitemindu ginen; horregatik, saiatu gara beste edizio batzuetan ekartzen eta aurten, azkenean, lortu dugu".

"Auzolan kulturalean" oinarrituta dago Atauri Art, antolatzaileek askotan azpimarratu duten bezala, eta antolaketan herri guztiak parte hartzen du. "Ataurin gutxi gara, eta ez da erraza halako jaialdi bat aurrera ateratzea. Aurrekontuaren aldetik ere azken momentura arte ez dakigu zenbat diru izango dugun jaialdia antolatzeko, baina jendeak dena ematen du eta hori da balio duena". 
Atauritik kanpo ere, beste udalerrietatik, laguntza handia jasotzen du jaialdiak. Aurten, esate baterako, ostiralean, emanaldiaren ostean, Mendialdeko Ogia okindegiak pizzak banatuko ditu bertaratutakoen artean; eta larunbatean, berriz,  Zukaldari taldeak hanburgesak egingo ditu.  

Egitaraua:

  • Irailak 9
    Somos la ley, Barsanti Teatro. 19:00etan, Ataurin.
  • Irailak 10
    • Odei Arregi ipuin kontalaria+lantegia. 12:00etan, Ataurin.
    Ara. Andrea Rios 18:00etan, Zumalden.
    Nao-Now-Nau, Barre konpainia. 19:30ean, Zumalden.
  • Irailak 11
    Indartsuak, Zirko Txosko. 18:00etan, Ataurin.
  • Urriak 22
    Tornillo Gold Edition, Quique Montoya. 19:00etan, Maeztun.
  • Azaroak 27
    Luze edo motz, M. Martiarena, I. Torregarai. 13:00etan, Ataurin.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide