Arboroko leizeak ibilbide batean lotu dituzte

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2021ko mar. 31a, 09:00
Portillo del Guesal leizea, Arboroko mendilerroan. AET

Arraia-Maeztuko mendilerroan dauden hamalau leize aztertu ditu Arabako Espeleologia Taldeak, Udalak hala eskatuta. Balizko ibilbide bat proposatu du kultura eta natura-ondarea ezagutarazteko.

Arboro mendilerroko kultura eta natura-ondarearen zati bat ezagutzera emateko balizko ibilbide bat proposatu dio Arabako Espeleologia Taldeak (AET) Arraia-Maeztuko Udalari. Ibilbidean zehar, Arboro mendilerroak bere talaiatik eskaintzen dituen ikuspegiak gozatu daitezke, baita bertako basoak zeharkatu eta inguruko haitzulo eta barrunbe bereizgarrienetako batzuk ezagutu ere. Azterlan horretan haitzulo horien zaurgarritasuna ere agerian utzi dute.

Arratiandiko kobazuloa izan ezik, osorik aztertu dituzte leize eta barrunbe guztiak, eta hiru dimentsiotan argazkiak atera eta topografiatu dituzte. Arraia-Maeztuko Udalak eskatu zuen Arboro mendilerroko haitzuloei buruzko txostena egiteko, eta AETk eremuan dauden hamalau leize eta barrunbe deskribatu ditu, guztira 2.102 metroko garapena dutenak.

Leize horietako ezaugarri nagusiak jaso ditu AETk, baita horien kontserbazio egoera eta berezitasunak ere. Hala, aztertutako hamalau leizetatik hamaikatan Rinolophus generoko saguzarrak aurkitu dituzte. Horietako bik, gainera, saguzar kolonia bana dute, eta Euskal Herriko saguzarren kolonia garrantzitsuenetakoak dira. "Guesaleko leizea eta barrunbea ezagunak dira mendizaleentzat eta bertakoentzat, baina barruko sarbidea zaila denez, jende gutxi ibiltzen da. Hori dela eta, 1958tik hona, saguzarren koloniak aztertzen ari dira".

Beste alde batetik, aztertutako lau barrunbetan aztarna arkeologikoak daudela egiaztatu du AETk. Arratiandiko haitzuloa, Obi I eta II haitzuloak eta Los Moros I leizea dira horiek, "eta litekeena da Peña Rasgada leizean eta Aingeru leizean ere aztarna arkeologikoak aurkitzea; baina, horiek baieztatzeko, barrunbe hauek aditu batek berrikusi beharko lituzke", jaso dute espeleologoek.

Atauriko ebakian kokatuta dagoen Los Moros I haitzuloan Burdin Aroaren amaierako labar-pintura eskematikoak aurkitu ziren aspaldi, giza arrastoak, argizarizko arrastoak eta XIII. mendeko txanpon bat, aurrealdean sei dorre dituen gaztelu baten irudi desitxuratua duena, eta bestean, berriz, gela bat. Haran osotik ikusi daitekeen kobazuloa da, tamaina handienetakoa, 15 metroko zabalera eta 12 metroko luzera eta 8 metroko altuera dituena.

Atauritik gertu dago ere Arritaundiko leize-zuloa, eta barruan arkeologia-aztarnategi garrantzitsu bat, espoliatua izan zena. Arratiandiko haitzuloa 1935ean aurkitu zuen Joxe Miel Barandiaranek.

Urpeko formazioak

Beste motako ondarea gordetzen duen koba da Tobera, Atauri inguruan hori ere. Horretan aurkikuntza berezia egin du Arabako Espeleologia Taldeak: kaltzio karbonatoaz estalitako landare-adarrak eta beste motako ezohiko masak. "Gainera, badirudi horiek guztiek lehortu diren urpeko materialen estaldura berezia jasan dutela, eta, ondorioz, zoru ia osoan lehortze-pitzadurak agertu dira".

Atariko gela txikian egindako aurkikuntza horrekin batera, sarbide zaila duen beste gela handiago batean urpeko formazio gehiago daude. "Badira sailkatu gabeko beste formazio espeleologiko mota batzuk, beren edertasun eta bitxitasunagatik azterketa sakonago bat merezi dutenak".

Ibilbide zirkularra

Bada, Arboroko leizeen sekretuak ezagutarazteko, koba guztien deskribapenarekin batera, 11,8 kilometroko ibilbide  zirkularra ere landu du AETk, Elortzan hasiera eta amaiera izango lukeena. Taldeak jaso duenez, "ibilbide erraza da eta ez du inolako konplexutasunik, Aingeru kobazulorako sarbidea eta Peña Rasgada kobazuloetako pasabidea izan ezik".

Hortaz, Arabako Espeleologia Taldeak uste du haitzuloen ibilbide bat sortzea bideragarria dela, ibilbidearen zati handi bat PR-59ren barruan baitago. "Ingurunearen historia eta ondare kulturala eta naturala ezagutarazteko modu bat da".

Bestetik, bisitarientzat barrunberen bat egokitzeko aukerari dagokionez, AETk taula batean bildu ditu leize bakoitzak eskaintzen dituen aldeko eta kontrako faktoreak, eta kasu ia guztietan bisita horiek sustatzea arriskutsua izango litzatekeela somatzen da. Kasu batzuetan sarbidea ez delako erraza edo erortzeak egoteko arriskua dagoelako, eta beste kasu batzuetan leizeek gordetzen dituzten ondare naturalak –saguzarrak, espeleologia formazioak–  suntsitzeko aukera ikusten dutelako.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide