Webgune berria estreinatu du Arabako Mendialdeko Kuadrillak

Erredakzioa 2020ko ira. 15a, 09:00
Webgune berriaren hasierako orria. / ARABAKO MENDIALDEA

Herritarrentzat erabilgarriagoa izan dadin, webgunea birdiseinatu du Mendialdeko Kuadrillak. Atari digital berriak eskualdeko zerbitzuei, landa-negozioei eta naturako kirol-ibilbideei buruzko informazioa izango du, besteak beste.

Astelehenetik atari digital berria du Arabako Mendialdeak, Kuadrillaren webgunea birdiseinatu eta gero. "Erakargarriagoa eta erabilgarriagoa" izateko jaio da, bai eskualdeko bizilagunentzat, bai bisitarientzat.

Arabako Mendialdean bizi diren pertsonentzako informazio erabilgarri guztia biltzen du: Kuadrillak eskaintzen dituen zerbitzuei buruzko informazioa, herritarrentzako informazio interesgarria edota eskualdeko landa-negozioei buruzko datuak. Horrez gain, atal bat Izki Landa Garapenerako Elkarteari zuzenduta dago, eta beste bat eskualdeko elkarteei (Elkartxoko), datuekin eta antolatzen dituzten jarduerekin.

Albisteek eta ekitaldiek euren atal propioa ere badute, zerbitzu, erakunde eta elkarteek eskualdean egiten dituzten gauzak biltzeko.

Atariak atal berezi bat du mendiko, BTT eta Nordic Walking ibilbideen eskaintza guztiarekin: planoak, deskribapenk eta trackak.

"Eskualde gisa dugun irudia ikusarazi nahi dugu, Arabako Mendialdea bezalako ingurune natural paregabean erreferente turistiko, sozial eta ekonomiko gisa finkatu, eta ekintzailetzarako aukera gisa ikusarazi", adierazi du Anartz Gorrotxategi Kuadrillako presidenteak.

Mendialdea biziberritzen

Arabako Foru Aldundiak bultzatutako Mendialdea biziberritzen proiektu pilotuari esker sortu da webgune berria. "Proiektu honek garapen endogenoko korronte berriak aktibatu nahi ditu", azaldu du Pilar Garcia de Salazar ahaldun nagusiorde eta Garapen Ekonomiko, Berrikuntza eta Erronka demografikoko diputatuak.

Azken hiru urteetan, Aldundiak, gainerako erakundeekin lankidetzan, lurraldea egituratzeko politiketan, hiri-eremuaren eta landa-eremuaren arteko aldea murrizteko ahaleginak egin ditu. "Argia ikusi duen webgune hau adibide garbia da, tresna berri eta hobetu batekin, eskualdeari eta bere herritarrei aukera ugari ematen dizkie", azpimarratu du Garcia de Salazarrek.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide