Despopulazioa gelditzeko plana onartu du Diputazioak Mendialdean

Erredakzioa 2019ko urt. 14a, 13:49
Antoñanan Vasco-Navarroaren Ibilbide Berdeko automotoreen pabiloi zaharra zaharberrituko dute. PHOT.OK

352.500 euro inbertituko dira Kuadrillako sei udaletako sei proiektu ekonomiko sustatzeko.

Arabako Foru Aldundiak "Mendialdea Berritzen" proiektua aurkeztu du, lurralde oreka sustatzeko eta Mendialdeko despopulazioa gelditzeko. "Proiektu hau abian jarrita, garapen endogenorako bide berriak aktibatu eta Mendialdeko garapen ekonomikorako eta sozialerako oinarri sendoak finkatu nahi dira". azaldu du Pilar Garcia de Salazar diputatu nagusiorde eta Ekonomia Garapenaren eta Lurralde Orekaren saileko diputatuak. Proiektuak bereziki erreparatu die adinekoei, mendekoei, emakumeei eta gazteei, beraien premiei erantzunez biztanleak finkatzen eta erakartzen laguntzeko.

Neurrien artean dago 352.000 euro ematea eskualdean jarduera ekonomikoa sortzen duten proiektuetarako, eta hain zuzen sei proiektu aukeratu dituzte: Zaldiharana Gune Hipiko Integratzailea, Haranan; Arraia-Maeztuko Eguneko Arretarako Landa Zentroa handitzea; Bernedon, Eremitas ibilbidea martxan jartzea; Kanpezuko udal aterpea egokitzea; udal aterpea egokitzea eta Traviesa zentroan hobekuntzak egitea, Lagranen; eta Urizaharrako udaletxearen erabilera anitzeko gunea irekitzea eta ondare etnografiko eta kulturalaren erakusketa gunean denda eta jendaurreko arreta jartzea.

Halaber, bigarren neurri gisa Vasco-Navarroaren Ibilbide Berdeko automotoreen pabiloi zaharra zaharberrituko da. 100.000 euro zuzenduko dira, Antoñanako kotxetegia zaharberritzeko, pabiloia birgaitzeko, zabalera handitu eta jatorrizko diseinura egokitzeko, eta erabilera berria emateko. Lanen ondorioz, bizikletak alokatzeko gune bat, Mendialdeko turismo bulegoa, erakusketa eremu txiki bat eta atsedengune bat hartuko lituzke, jatetxe zerbitzu eta guzti. Jarduketa horrek 110.000 euroko laguntza izango du.

Eskualdeko zerbitzuen gidaliburua eta zerbitzu horien erabilera sustatzeko kanpaina ere finantzatuko du Aldundiak, Mendialdeko ekoizleen merkatu ibiltaria martxan jarriko dute, eta Mendialde osorako turismo eta aisialdi eskaintza bateratua egingo da.

Gizarte alorrean zaintzaileentzako (Laguntzaile pertsonalak - LPPE) prestakuntza programa bat ematea eta eskualdean bizi diren zaintzaile informalentzako (PECEP) oinarrizko prestakuntza ematea aurreikusi du Diputazioak. Gainera, adinekoentzako ikasgelei lotutako eta udalerriz udalerri egingo diren jardueren programa ibiltaria abian jarriko da. Gazteei dagokionez, 14 eta 18 urte bitarteko neska-mutilentzako aisia programa bat antolatuko da; eta garraioan laguntzeko 20.000 euroko partida onartu da, adingabeek errazago parte har dezaten udalerriko ikastetxeetan edo gizarte zentroetan eskaintzen diren eskolaz kanpoko jardueretan.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide