Udako uzta ona izan dadin eskatuko diote, hainbat herritan, San Isidrori

Mirian Biteri 2016ko mai. 13a, 07:00
Egilea: Kanpezu Gorria

San Isidro eguna da igandean, maiatzak 15; eta urteroko ohiturari jarraituz, ospakizunak izango dira Mendialdeko herri askotan.

Santikurutze Kanpezun. Baserritarren eguna ospatzeaz gain, herriko zaindaria ere bada San Isidro, eta horren bueltan, egitarau oparoa antolatu dute aurten ere. Larunbatean hasiko dira ekimenak, herriko gazte asanbladak antolatutako herri afariarekin; 150 lagunetik gora elkartuko dira kultura etxean egingo duten afarian. Jarraian, disko festa izango da plazan.

Mendialdeko eta Lautadako pilota eskolen lagunarteko topaketekin hasiko da igandea; 10:00etatik jokatuko dira norgehiagokak. Bestalde, 13:00etan, urteroko meza egingo dute Ibernalo ermitan. Elizkizuna amaitzean, zelaiak bedeinkatuko dituzte. Etxekoekin nahiz lagunekin bapo bazkaldu ostean, arratsaldean, 18:00etan, dantzaldia izango dute herritarrek Joselu Anaiak taldearekin.

Haranan ere
Haranan ere badute zer ospatu. Urtero moduan, Done Bikendi Haranako erromesak Bujanda herrira joango dira San Fausto bisitatzera; baina igandean egin beharrean, larunbatera aurreratuko dute. Arrazoia: igandean erromeria izango dutela Santa Teodosia baselizan.

Horrez gain, Uribarri-Haranakoak eta Aldakoak Nafarroako Sorlada herrian dagoen San Gregorio baselizara joango dira; bertako ur bedeinkatua ekarriko dute bueltan inguruko zelaietan botatzeko.
 
Barojan egun osoan
Urizaharrako udalerrian, bestalde, bi hitzordu dituzte. Batetik, larunbatean, Udalaren Egunarekin batera ospatuko duten jaialdia dago. Aurten, Barojan egingo dituzte ekintzak: meza eta zelaien bedeinkapenaren ostean, bola-joko txapelketa izango da, eta jarraian, herri bazkaria. Arratsaldean, magia ikuskizuna dute.
Igandean, berriz, Pagoetak hartuko du ospakizunen lekukoa; meza, prozesioa, bedeinkapena eta bazkaria dute han.

Azkenik, Lagranen ere meza eta zelaien bedeinkapena egiteko ohitura dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide