'Heldu da kontua' helduentzako euskal kontalarien zirkuituak Lautada bisitatuko du

Erredakzioa 2022ko aza. 10a, 17:17
Maider Alzelai eta Mireia Delgado, sariaren lehen irabazleak. HELDUDAKONTUA

Helduentzako euskal kontalarien zirkuitua eta kontalaritza sorkuntzaren saria sortu berri dituzte, "nagusiek ere ipuinak nahi ditugulako".

Heldu da kontua izeneko helduentzako euskal kontalarien zirkuitua sortu berri da, helduentzat euskaraz sortutako kontalaritza programazio egonkor bat bultzatzeko asmoarekin, sorkuntza berriak taularatzeko espazio berriak sortzeko eta kontalari euskaldunen lanak ezagutarazteko: "Nagusiek ere ipuinak nahi ditugulako... Heldu da kontua!", esan dute antolatzaileek; eta bide bateaz argitu dute Intujai Teatrok urtero antolatzen duen Ahoz-aho Jaialdiaren baitan sortu zela ideia, "euskaraz eta helduentzako kontalaritza sorkuntza berriak taularatzeko zailtasunak ikusirik". Hala, lehen edizio honetan, urriaren 26tik urtarrilaren 13ra bitartean izango dira hainbat ikuskizun Euskal Herri osoan, baita Araban ere. 

Gainera, zirkuituarekin batera, halaber, Helduentzako Kontalaritza Sorkuntzaren Saria sortu dute, eta horren baitan euskaraz eta helduentzat sortutako kontalaritza ikuskizun berriak saritzeko asmoa dute. Urtero, euskal kontalari bik jasoko dute, eta saridunek hainbat herritan egingo dute zirkuitua. Lehen edizio honetan, sariaren epaimahaia osatu dute Itziar Rekalde, Joxemari Karrere, Iñaki Carretero, Dorleta Kortazar eta May Gorostiaga kontalariek, eta Maider Alzelai kontalari arrasatearra eta Mireia Delgado durangarra saritu dituzte.

Barrundian eta Iruraiz-Gaunan

Horren harira,  Alzelaik Emeen kemen kontaketa saioa eskainiko du Barrundian, hilaren 18an; eta Delgadok, berriz, Hariak, jostorratzak eta zauriak lana aurkeztuko du, Iruraitz-Gaunan, hilaren 27an.

Alzelaik Euskal Herriko zein nazioarteko kontalari desberdinekin ahozkotasunaren sekretuak eta ipuinak kontatzearen artea ikasiz du; eta haur, gazte zein helduentzako ipuinak kontatzen ditu areto desberdinetan. Emeen kemen helduentzako narrazio saio musikatua da. Delgadok, bere aldetik, bere ipuinetako pertsonaien estilora, bizitzako hari desberdinekin dabil jolasean. Horrela ahozko narrazioa, irakurketa prozesuak, pedagogia, feminismoa, antropologia eta literatur-bitartekaritza harilkatuz, formatu desberdina duten hainbat proiektuetan topa dezakeg. Hariak, jostorratzak eta zauriak ikuspegi feminista duen ahozko narrazioa da, "ekilibrista izan nahi duen elefante batekin hasi eta hariak ondo josteko errezeta batekin bukatzen dena".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide