Martxoan hasiko dituzte Axpuruko eguneko zentroa egokitzeko lanak

Erredakzioa 2022ko ots. 24a, 17:05
Erika Letamendi Donemiliagako alkatea, gaurko agerraldian. ALEA

Asparrena, Barrundia eta Donemiliagako alkateek proiektua finantzatzeko eskaria berretsi diote aldundiari.

Axpuruko Eguneko Arretarako Landa Zentroa egokitzeko lanak maiatzean hasiko direla iragarri du Erika Letamendi Donemiliagako alkateak. Zerbitzu hori erabiltzeko izena eman duten zazpi lagunentzat "udaberriaren amaierarako" irekita egotea espero dutela aurreikusi du alkateak, data zehatzik ez duten arren.

Gaur goizean Batzar Nagusietan egindako agerraldi batean eman dute horren berri. Letamendirekin batera egon dira Txelo Auzmendi Asparrenako alkatea eta Igor Medina, Barrundiakoa. 

Eraikina egokitzeko lanetan 79.000 euroko inbertsioa egingo dute, kostu horren erdia Eusko Jaurlaritzaren gain geratuko bada ere, LEADER funtsen bitartez horretarako diru laguntza eskatu baitute.

Letamendik argitu du ez direla Batzar Nagusietara jo "baimena eskatzera", horrelako proiektuak kudeatzeko gaitasuna udalerrien esku dagoelako. Halere, finantzazioa bere gain hartzeko eskatu diote aldundiari, "gainerako lurralde historikoan" egiten duen bezala. Lautadako udalerri horiekiko "diskriminaziorik ez egiteko" galdegin diote foru erakundeari. 

Hirugarren aldia da Lautadako alkateak Batzar Nagusietan azaltzen direna, aldundiaren babesa eskatzera. Axpurun zentro hori egiteko proiektua 2016an abiatu zen, baina aldundiak erantzun zien horrelako zentro bat egiteko eskaera nahikorik ez zegoela. Udalek argudiatu dute 44 lagunek zentro hori erabiltzeko baldintzak betetzen dituztela, eta dagoeneko zazpik izena emanda dutela zentroa erabiltzeko. Orain arte, Dulantzi, Agurain eta Asparreneko zentroetara bideratu behar dituzte erabiltzaileak.

Aldundiak ezetza emateko erabilitako txosten bat kritikatu dute alkateek. Proposatutako eraikinean armairurik, telefonorik edo altzaririk ez daudela dio txostenak, edo entxufeak estalita ez daudela. "Aldundiak txosten hori oinarritu du existitzen ez den araudi batean", ohartarazi dute. "Ez dago berariazko araudirik landa zentro horiek arautzeko, eta foru aldundien eskumenekoak diren beste baliabide batzuen araudian oinarritu dira", salatu du Igor Medinak. Txostena "hutsaren hurrengoa" dela erantsi du. "Noski eraikinak gabeziak zituela, basozain baten etxea zen", azaldu du. Aurreratu du egin beharreko hobekuntzak eta egokitzapenak egingo dituztela martxoan hasiko diren lanetan, eta berretsi du herrietan dagoen behar horri erantzun bat eman behar diotela zentro berriaren bidez.

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide