Lazarragako muralak, biziberritzeko bidean

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2021ko api. 5a, 12:00
'Magdalena penitente' izeneko horma-margoa berreskuratu du Arabako Foru Aldundiak. afa

'Magdalena penitente' izeneko XVI. mendeko horma-pintura Zalduondoko jauregian ikus daiteke azarotik. Zaharberrikuntza Zerbitzuak mural hori aukeratu du gainerako margoetan esku hartzen hasteko. Prozesu luzea izango da obra guztia berreskuratzeko.

1575 eta 1580 bitartean, Zalduondoko Lazarraga Jauregiko galeriaren hormak eta eskailera Errenazimentuko horma-pinturekin margotu zituzten. Ustez, Diego de Zegama pintorearen obra dira, Munainen pintoreen lantegi bat antolatu zuen artista gipuzkoarrarenak. Horietan Lazarraga eta Santa Cruz jauntxoen armarriak jasotzen dira, Biblia eta Genesiaren irudiekin batera. Eszenak landaretzaz eta mota askotako animaliez inguratuta daude, hala nola elefanteak, katuak, erbiak, hegaztiak, eta adarbakar baten moduko animalia fantastikoak ere.

Guztira, ehun metro koadroko  eremua okupatzen zuten horma-irudiek, harik eta aurreko mendeko 80ko hamarkadan, jauregia zaharberritzean, paretatik kendu eta paneletara eraman zituzten arte. Egindako esku-hartzea oso erasokorra izan zen horma-pinturekin, eta euskarri berri batera eraman zirenean ere oso modu desegokian lehengoratu zituzten.

Zoritxarrekoa izan zen, halaber, pinturen kokapen berria, bai testuingurutik kanpo utzi zutelako muralen multzoa, bai jendearengandik hurbilegi eta toki desegokietan kokatu zituztelako.

Lehen murala berreskuratu dute

Hartara, Arabako Foru Aldundiaren Zaharberritze Zerbitzuak Lazarragako horma-irudien multzoaren inguruko jarduera plan bat abian jarri zuen 2019. urtean, eta azaroan aurkeztu dute lan mardularen lehen emaitza: Magdalena penitente izeneko murala lehengoratu eta Lazarragako bere jatorrizko tokira itzuli dute.  Gainera, pintura hori erabili dute multzoaren gainerako pinturetan esku hartzeko jarraibideak ikertzeko. Bestalde, eraikinaren edukien musealizazioa egin dute, eta horma-pinturak jatorrian egon ziren modu bertsuan kokatuko dituzte.

Lazarragakoa XVI. mendeko pintura-multzo bakarra da Araban jauregi batean aurkitu daitekeena. Teknikari dagokionez ere berezia da, zatirik orokorrena horma oraindik hezea zegoenean egin zuten, eta xehetasunak, berriz, horma lehorraren gainean. Beraz, pintura horiek "sasifreskoak" direla esan daiteke.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide