Agurainek kulturen arteko bizikidetza sustatu nahi du

Erredakzioa 2020ko urr. 7a, 09:30
Agurain, airetik ikusita. / AFA-QUINTAS

CEAR Euskadik eta Aguraingo Udalak xenofobiaren aurkako kanpaina abiarazi dute, Korapilatzen ez duten erakusleihoak lelopean. Hainbat establezimendutako erakusleihoak apaindu dituzte zurrumurru arrazistak zalantzan jartzeko.

Kanpaina Arabako Foru Aldundiaren Kulturen arteko Bizikidetza sustatzeko 2020rako Estrategiaren eta Aguraingo Bizikidetza eta Aniztasunaren I. Planaren (2019-2022) jardueren barruan dago, eta, sormenezko proiektu baten bitartez, Aguraingo 14 denda eta kafetegi baino gehiagoko erakusleihoak apaindu dira kartelekin eta elementu atseginekin, herritarrak eguneroko elkarrizketetan egon ohi diren zurrumurru arrazistak zalantzan jartzera bultzatzeko.

Horretarako, imajinario kolektibotik desagertu nahi ez duten 10 zurrumurru irrigarriren bidez diseinatu da kanpaina: "Elvis bizirik dago", "Kana bat kentzen baduzu, zazpi ateratzen zaizkizu" edo "zukua azkar edaten ez baduzu, bitaminak joaten zaizkio", besteak beste. Agurainek eta CEAR elkarteak kartel handien zentrora eraman dute bulo horietako bakoitza, herritarrek honako hau irakur dezaten, adibidez: "Bihurguneko neska existitzen dela uste ez baduzu, zergatik sinetsiko duzu migratzaileek eta errefuxiatuek osasun publikoa kolapsatzen dutela?".

Establezimenduen barruan banatzen den triptikoan beste hau irakur daiteke: "Nazioarteko ikerketek erakutsi dute hiri-buloak eta kondairak gu distraitzeko sortzen direla. Hala ere, Agurainek ez du bere burua korapilatzen uzten. Elvis Presley ez dago bizirik, eta atzerritarrak ere ez dira Ness Lakuko munstro berria. Hitz egin dezagun garrantzizkoaz: bizikidetzaz, elkartasunaz eta auzotasunaz, gehitzen duen aniztasunaz. Mintza gaitezen".

Erakusketa

Kanpaina irailaren 24an abiatu da, eta datorren urriaren 13an, azoka egunarekin kointzidituz, kartel guztien erakusketa bat antolatuko dute Dulantzi plazan, 11:30etik 14:00etara. Halaber, bizikidetzaren aldeko eragileek pertsona migratu eta errefuxiatuei buruzko zurrumurruen inguruko triptiko kontrainformatiboak banatuko dituzte bertan.

Establezimenduak

Oraingoan, estrategia merkataritza txikiarekin elkarlanean abiatu da. "Aski ezaguna baita komunitatea eraikitzeko eta pertsona migratuak gizarte-ehunean integratzeko duen gaitasuna", azaldu dute. Atxikitako saltokien artean honako hamalauak daude, momentuz:

  • Bazar Txinatarra.
  • Ana Ruiz de Alegria Barruko Diseinua.
  • Gracia Sarria Quiroga Farmazioa.
  • Eguzki Liburudenda.
  • Milu.
  • Orban Inprimatze eta Diseinua.
  • Tarteka Media.
  • Aguraingo Despentsa.
  • Herriko Taberna.
  • Ortzi Taberna.
  • La Vitoriana Okindegia.
  • Eroski Bidaiak.
  • Asteasu Ardoak eta Edariak.
  • Coviran.

Establezimendu horiek parte hartu dute momentuz, eta gehiago dira egunek aurrera egin ahala kanpainari atxikitzen joango zaizkionak: "Merkatariek euren bezeroen aurrean kulturen arteko bizikidetzaren aldeko jarrera hartzen dute, zurrumurruak desaktibatzen laguntzen dute, eta, mezu handi bat duen binilo txiki baten bidez, beste leku batzuetan jaiotako Aguraingo bizilagunei buruzko zurrumurru iraingarririk gabeko establezimendua dela adierazten dute", azaldu du Aguraingo alkate Ernesto Sainzek.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide