Asparrenak panel foltovoltaikoak instalatuko ditu araztegian, energia aurrezteko

Erredakzioa 2020ko eka. 1a, 14:00
Panel fotovoltaikoak instalatzeko egitura Asparreneko araztegian. / ASPARRENEKO UDALA

Instalazioarekin kontsumitutako energiaren %64 aurreztuko da. Bestalde, Araiako ikastetxe publikoak ere birgaitze energetikoari ekin dio.

Asparreneko Udalak 120 panel foltovoltaiko instalatuko ditu bere araztegian, gaur egun kontsumitzen duen energiaren %64 aurrezteko asmoarekin. Zentral foltovoltaikoak araztegia hornitzeko ez ezik, sare elektrikora energia hornitu ahal izango du, eta, beraz, fakturan ere eragina izango du.

Obrak hastear, guztira 68.000 euroko aurrekontua du proiektuak. Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) -11.000 euro- zein Leader funtsen laguntzak -28.000 euro- jasoko ditu.

Txelo Auzmendi Asparrenako alkateak gogorarazi duenez, udal aurrekontuak berrikusteko datu objektibo gehiago falta badira ere, Udalak argi dauka ingurumenaren iraunkortasunaren aldeko apustua: "Instalazio honek aurrezpen ekonomikoa ekarriko du, elektrizitatearen prezioek eragiten dituzten ekoizpen kostu finkoen eragina murriztuko duelako; eta, horrez gain, atmosferara CO2 isurketak murriztea ahalbidetuko du", zehaztu du.

Panelek %20ko eraginkortasuna, 20 urteko bermea eta 51 kW-tik gorako potentzia dute. Zimendatze gastuez gain, eguzki-instalazioak 50.000 eurotik gorako inbertsioa izango du.

 

Araiako ikastetxe publikoa

Araztegikoa ez da Asparrenean efizientzia energetikoaren arloan abiatutako obra bakarra. Araiako ikastetxe publikoak ere birgaitze energetikoari ekingo dio, bere kontsumoa eta karbono dioxidoaren emisioak aurrezteko inguratzaile termiko bat sortuz. Lanak fatxadan eta estalkian egingo dira.

Kasu horretan, energia-aurrezpena %48koa izango dela aurreikusi da. Aurrekontua ia 420.000 eurokoa da, eta 200.000 euroko diru laguntza du. Hala ere, Asparrenak udal ekarpena murriztea ahalbidetuko duten diru laguntza lerro gehiagori heldu ahal izatea espero du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide