Zu ez zaren norbaiten azalean

Juanma Gallego 2019ko urr. 30a, 13:14
Iazko edizioaren aurkezpena. / DULANTZIKO UDALA

Dulantziko Antzerki Amateur Jaialdiaren XIII. edizioa abiatuko dute ostiralean, zaletuez osatutako bederatzi talderen lanak eskainiz eta umorea eta tonu serioagoa tartekatuz. Amaiera jaia hilaren 23an egingo dute.

Udalerriko hitzordu kulturalik garrantzitsuenean murgiltzear dago Dulantzi: ostiralean hasita eta hilaren 23ra arte, Dulantziko Antzerki Amateur Jaialdiaren XIII. edizioa egingo dute. Aurten bederatzi taldek parte hartuko dute: horietatik hiru Euskal Herrikoak izango dira; tartean Gasteizko Ipazapi elkartea Electra vs. Medea antzezlanarekin.

Gasteiztarren lana ez da kutsu klasikoa izango duen bakarra: Kristo aurreko 0. urtera ere joango dira Allegro taldekoak, Monty Phytonen estiloko antzezpena egiteko. Hemen ere erromatarrak eta judutarrak ageri dira, eta baita Maria, Jose, Jesus edota Herodes bezalako izen ezagunak... dena umorez hornituta, baina "errespetu handiz" jorratuta, antolatzaileen esanetan.

Aro Klasikotik Barroko aldera salto eginda, XVII. mendeko Pierre Corneilleren komedia bat ere antzeztuko dute, Kumen taldearen eskutik. Allegro taldearena ez da izango erlijioaren aitzakiaz umorea lantzen duen lan bakarra: Begoñako eta Arantzazuko amabirjinak ere azalduko dira oholtzaren gainean, Unbe Ganan beste amatxu baten konpetentzia sortu zaielako. Dena dela, amabirjinek egiaztatuko dute garaiak aldatu direla eta jendea dagoeneko ez dela hain erraz harritzen.

Umoreaz gain, bizitzari buruzko hausnarketa serioagoek ere izango dute tartea Dulantzin. Hala, Venezuelan jaiotakoa den baina guraso italiarrak dituen Huanitaren istorioa ezagutzeko aukera izango da.

Ohiko beste gai bati helduta, familia barruko sekretuak ekarriko ditu lehen lerrora La Luciernaga taldeak, egiari eta gezurrari buruzko komedia batean: aurreratu daiteke Socorro izeneko yoga irakaslea eta mediuma ere tartean dagoela.

Bestetik, heriotza aurrean izanda ere bizirik egotea zein garrantzitsua den gogoratuko dute Teatro Estudio San Sebastian taldekoek; eta lau "sasi-musikarien" gorabeherek ere izango dute lekua, beste antzezlan batean. Azkenik, umeentzako ipuin klasiko bat egongo da, gnomo, iratxo, eta sorginekin. Programa osoa ikusteko teatroamateur.com webgunera jotzea da errazena.  Azaroaren 23an egingo dute jaialdiaren amaiera ekitaldia, Izaskun Isasiren eta Josune Velez de Mendizabalen laguntzarekin. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide