Lautadako nekazal-elikagaien eraldaketa zentroak laguntza ekonomikoa izango du

Erredakzioa 2019ko urr. 21a, 13:53
Carasso Fundazioko kideak Arabako Lautadan izan ziren. / Argazkia: Lautada LGE

Aurkeztutako 23 ekimenen artean aukeratu du proiektua Carasso Fundazioak eta, hortaz, 15.172 euroko dirulaguntza jasoko du. Guztira, zazpi izan dira babesa jasotzeko aukeratutako proiektuak.

Arabako Lautadako nekazal-elikagaien eraldaketa zentroak 2018an egin zituen lehen pausuak lekaleak garbitzeko toki bat eraikiz.

Aurten, “Elikadura sistema jasangarri baterako partekatutako eraldaketa lantegiak” deituriko laguntza deialdian parte hartu zuen, beste 23 proiektuekin batera. Lekale makinaria egokitu eta 2020an ontziratzeko osasun erregistrodun gune berri bat eraikitzeko "babes eske" aurkeztu ziren deialdira.

Ekimen honen bultzatzailea Lautadako Landa Garapen Elkartea (Lautada LGE) izan da eta Donemiliagako Udalak utzitako Okiturri industrialdeko pabiloi batetan kokatuta dago. Eskualdeko lau lekale ekoizlek osatutako Lautadako Lekaleak Elkartea arduratuko da gunearen kudeaketaz.

Daniel eta Nina Carasso Fundazioko kideak Arabako Lautadan izan ziren pasa den astean, bertako erabilera anitzeko eta partekatutako instalazioa ezagutzeko asmoz.

Arabako Lautadako ekimen hau aukeratua izateko arrazoiak, besteak beste, "lekaleen kontsumo igoera", "mundu jasangarriago" baten bidean "eragiteko ahalmena" duen ekimena izatea eta partekatutako ekimen txikiak garatzeko "ingurune zail batetan kokatua egotea" dira.

Lautada LGEren lehendakari Gustavo Fernandez Villateren esanetan "jasotako babesa, eskualdean dauden beste ekimen batzuk aurrera atera nahirik dabiltzan pertsonentzako pizgarri bat da". Gainera, "interesgarriak" diren beste nekazal ekoizpen batzuen eraldaketentzako "bultzada" ere badela azpimarratu du, "tokiko elikadura osasungarria eraikitzen" joateko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide