"Elkarrekintza sustatzen dugu proiektu hauekin"

Anakoz Amenabar 2017ko ira. 18a, 10:03

Ingeleseko irakaslea da Idoia Zapirain, Aguraingo Aniturri ikastetxean. / A. Martinez de Luna

Eskoletan gero eta ohikoagoa da eTwinning plataforma erabiltzea; gakoak azaldu ditu Idoia Zapirain Aguraingo Aniturriko ingeleseko irakasleak.

Baliabide digitalei etekina ateratzen aitzindariak dira Aguraingo Aniturri ikastetxean. Europako eskolarteko Consumer Classroom saria jaso zuten 2013an, kontsumo jasangarrien inguruko  proiektu batekin. Eta, joan den ikasturtean, eTwinning Kalitate Zigilua irabazi zuten batxilergoko ikasleek, Idoia Zapirain (Pasaia, 1969) ingeleseko irakaslearekin landu zuten egitasmo batekin.

Eskolei zein ekarpen egin die eTwinning plataformak?

Lurralde guztietako irakasleok elkarrekin lan egiteko dugun plataforma bat da eTwinning. Gune horrek eskaintzen dituen tresnak erabilita, elkarrekin bildu eta ideiak eta praktikak trukatzeko aukera daukagu. Eta irakasleekin batera, noski, ikasleek. Ikasleek elkarrekin lan egiten dute, elkarreragina sortzen da, eta batera egiteko ariketak planteatzen dizkie. Hala, gelatik harago, nazioarteko ikasle taldeak sortzeko aukera eskaintzen du plataformak.

Ingelesean landutako proiektu batengatik aitortza jaso zenuten joan den ikasturtean.

The universe is made of tiny stories (Unibertsoa istorio txikiek osatzen dute) izeneko proiektuagatik jaso genuen merezimendua. Komunikazioa hobetzeko helburuarekin egindako lana izan zen, hainbat istorioz osatutakoa, eta, besteak beste, Norvegia, Italia edo Poloniako hainbat ikastetxerekin garatutakoa. Kideen arteko komunikazio lana eta  talde modura hasieratik amaierara izango kate lana baloratu dute. Denok ikasi dugu proiektu bat antolatzen, eta batez ere, elkar eragina gauzatzen. Azken batean, eskola orduetan egin ohi diren lanei beste  ekarpen bat egiten diete halako plataformekin; alegia, eskoletan egiten dituzten idazlanek publikoa  izango dute, irakurriko dituzte beste ikasle batzuek, eurek ebaluatuko dute, eztabaidatu... 

Ikasturte honetarako ere beste proiektu bat duzue prest, ezta?

Askoz ere lan handiagoa izango da, globalagoa. Guztira, 94 irakasle eta bost kontinente elkartuko ditu  Be the change, make the challenge izenburupean.   Garapen jasangarria ardatz, erronka desberdinak izango dituzte ikasleek. Nola egin aurre egoera berri hauei? Ikaskidea lagundu beharko dute, euren beharra izango dute; lan mota kooperatiboak lantzeko oso aproposak dira halako proiektuak. Eta, bestetik, ingelesaz harago, beste ikasgai batzuk ere lotuko dituzte, ekomiako gaiak tartean...

Inguruko ikastetxeetan berria da eTwinning plataforma?

Oraindik ezezaguna da askotan. Gurea beste batzuentzat baliagarri izatea espero dugu, eta irakasle gehiago animatzea. Azken batean, plataforman lantzen ditugun proiektuak partekatu eta erabiltzeko dira. Hain zuzen, eTwinninga hobeto ezagutzeko, jardunaldi batzuk antolatu ditugu hilaren 22an, Bilboko Unamuno ikastetxean. Plataforma jende gehiagok ezagutzea da asmoa, eta esperientzia dutenentzat euren lana hobetzeko baliagarri izan daitezkeen hainbat aholku ere emango dituzte. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eTwinning enbaxadoreak egongo gara han, eta hitzaldi eta tailerrak izango ditugu. 

Eskulibururik ez duzue erabiltzen eskoletan?

Ingeleseko eskoletan ez, on-line dituzte liburuak.  Workbook ezaguna ez dute paperean, agenda bat asko jota... Oraindik, egia da, berria dela ikasle askorentzat eta ez daudela ohituta, baina pixkanaka trebatzen hasi dira. Hiritar digitalizatuak izateko  bidean ari gara,  baliabide digitalak zentzuz erabili daitezen ikasten.  

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago