'Perplejo' eta 'Ez dok hiru', Araiako Umore Antzerki Jaialdian

Erredakzioa 2017ko eka. 30a, 10:59

'Ez dok hiru' laneko kideak. /Tartean Teatroa

Galiziako Il Maquinario konpainia gazte eta saridunaren lana eta Tartean Teatroaren azken arrakasta batu dira Arrazpi kiroldegiko programaziora.

Araia-Asparreneko Umore Antzerki Jaialdiak 24. edizioaren egitarau luzea pixkanaka betetzen jarraitzen du. Galiziako Il Maquinario konpainiak Perplejo antzezlana ekarriko du Arrazpi Berri kiroldegira eta Tartean Teatroaren Ez dok hiru. Euskal musikaren benetako istorioa arrakastatsua ere agertokian izango da. Horiekin batera Pentacion taldearen Heroes ere izango da abuztuaren 11tik 15era prestatutako jaialdian.

Pirandello, Woody Allen, Beckett, Ionesco edota Monty Phyton eszenen artean mugitzen dira 2015ean bost Maria Casares sari (Galiziako Max sariak) jaso zituen ilMaquinariok sortutako Perplejo antzezlanean. Konpainia gazte eta berritzaile honek galegora itzuli zuen Marius von Mayenburg Alemaniako idazle arrakastatsu eta garaikidearen testua, komediarik surrealista eta absurduenaren bidez identitateari buruz hausnarketa egiten duena, eta galizieratik gaztelaniera ere jauzi egin duena.

Oporraldia amaitu eta gero, Laura eta Fernando bueltan daude etxean eta, bat-batean, gauza arraroak daudela konturatu dira. Katua desagertu da. Aldiz, landare bat agertu. Egiazkoak dira gure ziurtasunak? Erreala da errealitatea? Antzezlana identitatea zein maskarei buruzko hausnarketa da. Erritmo frenetikoak jolas-egoerak eta nahaste-borrasteak jarriko ditu martxan, pertsonaia-labirintoak marraztuz teknologia berriek bultzatutako aparteko akabera duen kuskizun honetan.

'Ez dok hiru'

Beste altxor bat, antologia baten zaporea duena, Tartean Teatroak egindako azken lana da: Ez dok hiru. Euskal musikaren benetako istorioa. Mikel Martinez eta Patxo Telleria bikoteak Euskal Herriko musika-imaginarioan zehar ironiaz, absurduz eta dibertimenduz beteriko errepasoa egiten du.

Zenbat abesti ezagutzen dugu euskal kantutegian? Pentsatzen dugun baino gehiago. Eta berrehun baino gehiago (zatitxoak, noski) agertzen dira melodiez eta hitzez sustatutako ikuskizun honetan. Bi maisuek hiru musikari-aktore (Adrian Garcia de los Ojos, Maria Arriaga Telleria eta Ivan Allue) izango dituzte bidelagun, nota, emozio eta umorearen paisaia honetan bidaiatzeko.

Héroes, Tamzin Townsendek zuzendua, Iñaki Miramon, Juan Gea eta Luis Varela protagonista dituena, hirugarren lana da momentuz Araiako jaialdian.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide