"Artzai gazta on baten atzetik familia osoaren lana dago"

Mirian Biteri 2016ko aza. 3a, 10:10

Euskal Herriko Idiazabal artzain gazta onenaren saria jaso berri du Eli Gorrotxategik. Pozarren topatu dugu La Leze gaztandegian, Ilarduia herriko La Leze kobazuloaren alboan.

Eli Gorrotxategik, Jose Mari Jauregik eta Arkaitz eta Gaizka semeek osatzen duten gaztandegi familiarra da La Leze. 1992an, artzaintzan jarduteko aurrerapausoa eman zuten eta kalitatezko gazta egiteari ekin zioten, tradizioz beteriko prozesuari ukitu bereizgarria emanez. Hamaika sari jaso dituzte ordutik hona; azkena, pasa den larunbatean, Idiazabalen. Euskal Herriko Artzain Gazta txapelketarekin itzuli ziren Ilarduiara.

Lehenik eta behin, zorionak!

Eskerrik asko. Ezustekoa izan da, lehiaketan Araba, Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroako 40 gaztandegi onenak parte hartu dugula kontuan hartuta. Ohorea da txapelketa hau irabaztea; nahiz eta beste txapelketa batzuek oihartzun handiagoa duten, artzain gazta egiten dugun artzainentzat hau da garrantzitsuena. Bigarrenez irabazi dugun arren, sekulako ilusioa egin digu.

Zer dago sari guzti horien atzetik?

Ikaragarrizko lana. Gazta baten atzetik ez daude bakarrik esnea, gatzagia eta gazta egiteko prozesua. Familia oso baten lana dago atzetik; mami asko dauka gazta batek, eta ingurunea da mami horren zati oso garrantzitsua. Esaterako, ardi latxak; Euskal Herriko ardi hauek ez daude ohituta denbora askoan ukuiluan egotera, urtero hilabete eta erdi edo baino ez dute han egiten. Bestela, egun osoa ematen dute kanpoan. Orain, goiko mendietan daude, abuztu hasieratik azaroaren amaiera arte goian daude, betiere eguraldiak laguntzen baldin badu.  Aske daude, eta nahi duten tokira joaten dira. Elikadurari dagokionez, goian dauden bitartean, mendiko jana baino ez dute jaten. Ingurunea eta elikadura egokia badute, eta lasaitasuna eta ondo zainduta baldin badaude, esne ona emango dute. Baina hori lortzeko familia osoaren lana behar da. Arkaitz semea, esaterako, laborantza lanetan dabil orain, datorren urteko belarrak eta landatzen. Kanpotik ikusita, prozesua sinplea izan daiteke. Baina, gazta egiteko denbora behar duzu; hori bukatutakoan, gaztak ontzeko prozesua ere zaindu egin behar da. Oso garrantzitsua da guzti hori behar bezala egitea, eta gainean egon behar zara.

Irakurri elkarrizketa osoa ALEA aldizkariaren 81. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide