'Geroari begira' jartzeko bultzada izan du Lautadak

Anakoz Amenabar 2016ko eka. 24a, 16:40
Datorren urtean Bastidan izango da Araba Euskaraz; argazkian. | Saioa Fdz. de Aranguiz

Aurreikuspen ekonomikoak bete ez badira ere, pozik daude antolatzaileak erantzunarekin.

 

Bigarrenez antolatu du Aguraingo Lautada ikastolak Araba Euskaraz ikastolen aldeko jaia, eta aurreikuspenak bete ez badira ere, pozik daude joan den igandean bizitakoarekin. "Euskara kalera atera eta duela sei urte baino festa indartsuago bat antolatzea zen xedea, eta bete dugu". Ehunka boluntarioren lanari esker, ikastolako guraso zein beste ikastola batzuetik jasotako laguntzari esker, posible izan dela gogoratu dute ikastolatik. 

Angel Olalde Araba Euskaraz jaialdiaren koordinatzaileak ere, ildo beretik, herritarren partehartzea nabarmendu nahi izan du: "Muntaia lanetan laguntza izugarria eskaini zuten larunbatean eta benetan oso garrantzitsua izan zen". Egun handia pattal hasi bazen ere, batik bat eguraldiak baldintzatuta, arratsaldean giro polita izan zela nabarmendu du Olaldek: "Eta bereziki pozik gaude bigarren eta laugarren guneek izan zuten arrakastarekin".  Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizunak eta Eusko Labelen txokoak bildu zituen bisitari gehien.

Aurreikuspenak bete gabe

Aurreikuspen ekonomikoak ez direla bete azaldu du Olaldek, baina pozik daude lortutakoarekin. "Inguruan euskarari bultzada ematea eta parte-hartzea sustatzea izan ditugu helburu eta, alde horretatik, pozik gaude". 

Corazon de Maria ikastetxea izatetik Lautada ikastola izatera igaro zen 2008. urtean, guraso talde bati esker, eta gaur egun 250 ikasle inguru ditu. Duela zortzi urte hasitako ibilbide hari bultzada bat emateko balioko du aurten bildutako diruak; instalazioak hobetzearekin batera, ikasketa prozesu berriak eguneratzeko ere baliagarri izango da.

Lautadako agertoki eta guneak jaso eta Arabako Errioxara begira jarriko da hurrengo urtean Araba Euskaraz. Bastidak hartuko du lekukoa, berriz ere; 1989an egin zuten lehendabizikoz eta harrezkero 2004an, 2008an eta 2012an ospatu dute ikastolen jaia han, Barneratu, barreiatu goiburu izan zuen azkenekoz.  

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide