Abian dira Tokikom sariak 2016

Erabiltzailearen aurpegia TOKIKOM 2016ko ira. 27a, 10:44

Euskarazko toki komunikabideen lana ezagutaraztea, eta lan horren balioa publikoki aitortzea da Tokikom toki komunikabideen bateragunearen sarien helburua.

TOKIKOM toki komunikabideen bateragunea da, eta helburu nagusietako bat du euskarazko toki komunikabideak sustatzea. Hori dela eta, TOKIKOM SARIAK ematea erabaki du, toki komunikabideen lana gizarteratu eta publikoki aitortzeko asmoz.

Helburuak

Aipatu bezala, bi dira TOKIKOM Sarien helburu nagusiak: euskarazko toki komunikabideen lana ezagutaraztea, eta lan horren balioa publikoki aitortzea.

Parte hartzaileak

Saria jaso ahal izango dute tokiko informazioa lantzen duten euskara hutsezko komunikabideek. Sari honetarako, lurralde historiko, eskualde edo herri mailako estaldura duten komunikabideak hartuko dira tokikotzat, euskarri fisikoa eta maiztasuna edozein dutela ere.
Sariketan parte hartu ahal izango dute komunikabide horietan 2015eko irailaren 1etik 2016ko irailaren 1era bitartean argitaratutako lanek. Proposamenak bidaltzen dituztenek frogatu beharko dute proposatutako lanak benetan argitaratu direla tarte horretan.

Kategoriak

Hiru sari edo kategoria ezberdin banatuko dira:

  • Portada onenaren saria. Paperezko argitalpen batek editatuko portada onenaren saria. Sari horretarako, besteak beste, honako sari hauek hartuko dira kontuan:
    • Portadaren beraren diseinua.
    • Argazki, irudi eta bestelako elementu grafikoen balio estetiko eta-edo artistikoa.
    • Portadaren balio informatiboa (eta-edo iritzi mailakoa, hala balegokio).
  • Eduki onenaren saria. Kategoria honetan komunikabideek landutako edozein eduki informatibo aurkeztu ahal izango da, euskarri fisikoa edozein dela ere. Albistea, erreportajea zein elkarrizketa izan liteke, idatzizkoa, irudi bidezkoa zein ikus-entzunezkoa. Honako alderdi hauek hartuko dira kontuan saria ematerakoan:
    • Gaiaren trataera
    • Balio informatiboa
    • Tokiko ikuspegia eta haren balio erantsia
    • Erabilitako euskarriari dagokion hizkuntzaren erabilera (idazkera, lokuzioa, muntaia…. egokia izatea).
    • Alderdi estetikoa
  • Ikus-entzunezko onena. Kategoria honetara aurkeztu ahal izango dira edozein euskarritan argitaratutako ikus-entzunezko lanak (bideo zein audio erreportajeak, grafiko interaktiboak, infografiak…). Saria emateko, irizpide hauek hartuko dira kontuan, besteak beste:
    • Kalitate teknikoa
    • Balio informatiboa
    • Tokiko ikuspegia eta haren balio erantsia
    • Alderdi estetikoa

Lanak aurkezteko prozedura, epeak eta baldintzak

Sariketan parte hartzeko, ezinbestekoa izango da proposamenak bidaltzea epaimahaiari. Proposamen horiek lana argitaratu duen medioak zein beste medio edo partikular batek aurkez ditzake, honako prozedura honi jarraituz:

  • Prentsa idatzian argitaratutako lanen kasuan, proposatutako lanaren PDF artxibo bat bidali beharko da, eta/edo haren LAU kopia inprimatu.
  • Agerkari digitaletan argitaratutako testuen kasuan, propsatutako lanaren URLa bidaliko da, eta/edo haren LAU kopia inprimatu.
  • Ikus-entzunezko lanen kasuan, proposatutako lana ikusi edo entzuteko URLa, eta/edo artxiboaren LAU kopia, CD/DVD edo beste euskarri fisiko banatan. Artxiboen kopia fisikoak bidaliz gero, bidaltzailearen erantzukizuna izango da bidalitako artxiboak edozein ordenagailutan irakurtzeko moduko formatu batean egotea.

Proposamenarekin batera, fitxa labur bat bidaliko da, honako datu hauek jasoz:

  • Proposamena egiten duenaren izen-abizenak (edo izen soziala) eta kontaktatzeko modua.
  • Lana zein saritarako proposatzen den
  • Proposatutako lanaren izenburua
  • Proposatutako lana zein komunikabidetan eta noiz argitaratutakoa den
  • Proposamenaren arrazoiak: zer meritu edo ezaugarri ikusten zaion proposatutako lanari, sariotara aurkezteko.

 

Epaimahaia

Epaimahaia komunikazioaren alor profesional eta akademikoko hiru lagunek osatuko dute. Sariak erabakitzeko eskumen osoa izango dute, eta haien erabakia apelaezina izango da.

Sariak eta sari banaketa

Sariak aurkeztutako lanak argitaratutako komunikabideei emango zaizkie, eta ez dute dotazio ekonomikorik izango.
Sari bakoitzaren irabazleak diploma eta garaikurra jasoko du, eta TOKIKOMek sariaren inguruan antolatzen duen komunikazio kanpainan parte hartzeko aukera izango du.
Sari banaketa TOKIKOM Jardunaldien baitan egingo da.

Saritutako lanen jabetza

TOKIKOMek ez du inolako jabetza eskubiderik eskuratuko, ez aurkeztutako ezta saritutako lanen gainean. Hala ere, bere egiten du lanok berrargitaratzeko eskubidea, beti ere jatorria aipatuz. Sariketan parte hartzeak baimen hori ematea eta gainontzeko arau guztiak onartzea dakar.

 

Lanak nora bidali

  • Posta elektronikoz: lanak posta elektronikoz bidaliz gero, artxiboek ezingo dute 10Mbko tamaina gainditu. Helbide honetara bidali beharko dira: sariak@tokikom.eus
  • Posta arruntez: honako helbide fisiko honetara ere bidali ahal izango dira proposamenak:

TOKIKOM Sariak
Landako etorbidea 4, 102. bulegoa
48200 DURANGO (Bizkaia)

Lanak bidaltzeko epea

Lanak heblbide horietan jasotzeko azken eguna 2016ko urriaren 14a izango da.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide