Tokikomek lau urte

Erabiltzailearen aurpegia Tokikom 2016ko mar. 22a, 12:04
TOKIKOMen eratze batzarra, 2012ko martxoaren 17an

Azkar joaten da gero, denbora. 2016ko martxoaren 17an lau urte bete dira TOKIKOM eratu genuenetik.

Panorama kezkagarria genuen orduan toki komunikabideetan: publizitate sarrerak murrizten, diru-laguntzetan ere gero eta diru gutxiago, eta erakunde publikoetatik mezu argia, egitura txikientzako gero eta laguntza txikiagoa izango zela. Horrez gain, euskal hedabideen sektore osoa ere bere burua antolatzen ari zen, gerora Hekimen elkartea izango zena sortzeko prozesuan, eta tokiko komunikabideok ezinbestekotzat jo genuen foro horretan ere geure burua ondo islatuta ikustea.

Kontestu horretan erabaki genuen artean Euskaltzaleen Topagunearen Hedabide Saila zenari izaera juridiko propioa eman eta TOKIKOM eratzea. Topagunea bera eta 19 komunikabide batu ziren ekimenera, eta harez geroztik beste sei bazkidek bat egin dute taldearekin. Hiru helburu eman genizkion TOKIKOMi:

  • Toki komunikabideen solaskidetza bateratua bereganatzea, erakundeen zein beste eragile batzuen aurrean.
  • Toki komunikabideen jarduerako esparru komunak kudeatzea, energiak hobeto aprobetxatze aldera.
  • Toki komunikabideen etorkizunaz gogoeta egin eta garatzeko bideak proposatzea.

Oraindik badugu zer hobetua, baina lau urteko ibilbidean hiru helburu horiei ondo eutsi diegula esan daiteke: TOKIKOMek solaskidetza aitortua du erakunde publikoen zein beste hainbat eragileren aldetik, eta parte oso aktiboa da, adibidez Hekimen euskal hedabideen elkartean.

Esparru komunetan, aurrerapauso handiak egin ditugu teknologia alorrean, TOKIKOM Plataforma eta aplikazioetarako motore komunak sortuz, eta erritmoa azkartzen hasi gara publizitate bateratua, diseinu konpartituetan eta kudeaketa aurreratua bezalako gaietan.

Gogoetari dagokionez ere, mugarri garrantzitsua suposatu du Bi solairuko etxearen planteamenduak, 2016an zehar bigarren buelta bat eman nahi dioguna.

Eta beharbada garrantzitsuena: astiro-astiro baina etengabe, hurbiltze bat gertatzen ari da taldea osatzen duten 26 bazkideen artean, eta gero eta gehiago dira elkarlanerako sortzen diren foro eta ideiak. TOKIKOM sortzerakoan esaten genuen moduan: indarren metaketatik ez ezik, ahultasunen metaketatik ere indar handia sortzen da. Eta luzaro izan dadila horrela!

Artikulu osoa irakurri: TOKIKOMek lau urte

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide