Azaroak 25: hemen eta gaur

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Berasategi 2014ko aza. 25a, 01:00

Maialen Berasategi

Gorri (edo more) nabarmentzen dira egun batzuk egutegian. Hurbiltzen dira bat-batean, eta bat-batean urrundu. Halaxe gertatuko zaigu, seguru asko, aurtengo azaroaren 25arekin ere. Zer egin, bada, egun bakarreko aldarriak urte osoan zabaltzeko?

Hango hura gogoratu,

honako honetaz ahaztu gabe.

 

Askok uste dute matxismotik erabat libre eta urruti daudela emaztea edo bikotekidea jipoitzen ez dutelako. Asko sinetsita daude komunikabide batzuetan azaltzen diren kasu urrun bakan horiek direla genero-indarkeriaren erakusgarri bakarrak. Baina genero-indarkeria, maiz, bertantxe dugu, bizilagunen sukaldean, ahizparenean, etxepeko tabernan, plazan, norberaren logelan bertan, ezin konta ahal modu eta ñabarduratan aletua. Ez han bakarrik; hemen ere bai.

Hango hura gogoratu,

honako honetaz ahaztu gabe.

 

Zabaltzen dugu begirada, urruneko emakumeak nola bizi diren jakiteko, eta “gaixoak”, esaten dugu. Ustez miopia sendatu nahi, eta hipermetrope bihurtzen gara; zinez errazagoa baita beti hangoari errukiz eta gurasokeriaz begiratzea, bertakoari begirada zorrotz kritikoz so egitea baino, barren-azaletako xenofobia eta matxismo bizia herritarren segurtasun-eskubidearen eta emakumeen giza eskubideen aitzakian listukatzen duten alkate eta abarrek akuilaturik. “Zer gaizki bizi diren haiek, eta zer ondo gu”.

Hango hura gogoratu,

honako honetaz ahaztu gabe.

 

Emakumeen kontrako indarkeriaaipatu, eta ematen du emakumeen problema hutsa dela, indarkeria hori espiritu santuak edo izaki etereo ikusezinen batek sortuko balu bezala, edo gizon burutik gaixo bakan batzuek, eta ez ederki gizarteratutako gizon frankok (gure anaiek, osabek, lagunek, ohaideek), gainerako gehienon begirada laxoaren pean. Oraindik ere, maizegi, emakumeoi irakasten baitzaigu nola saihestu erasoak, gizonak eraso ez egitera behartu ordez.

Azaroaren 25etik aurrera ere, arren,

hango hura gogoratu,

baina honako honetaz ahaztu gabe.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide