Munstrokeria inportatuez

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Berasategi 2014ko aza. 10a, 01:00

Maialen Berasategi

Joan den urriaren 31n, ume-kuadrilla batek txirrina jo eta “¡Truco o trato!“ oihu egin zigun, koilarakadaka irentsi ditugun ezin konta ahal film estatubatuar gaztelaniara bikoiztuetan azaltzen diren haur ilehoriek bezain fin. Ez genien ireki. Areago, purrustaka hasi ginen, kutrekeria hau ere sartu digutela barru-barruraino, urtetik urtera gehiago zabaltzen ari dela, hemendik gutxira “betiko tradizio” gisa salduko digutela Halloween ditxosozkoa (“bizi guztiko” kontua izango baita, ordurako, gaur atez ate dabiltzan ume xalo mozorrotu horientzat).

 

Sare sozialetan eta kalean ere zabaldu da diskurtsoa, guraso kezkatuena bereziki: askok ez dute nahi seme-alabek ohitura horiek har ditzaten, baina seme-alabek, dagoeneko, sobera sartuak dituzte beren iruditerian kalabaza gaizto irribarretsuak, eta banpiro odoltsuak, eta zonbiak, eta etxe sorginduak, eta, nola ez, etxez etxe dohainik jaso daitezkeen karamelu goxoak.

 

Egia esan, gurean ere aspalditik izan dira erritu bereziak Domu Santu bezperan. Inguruan ditudan belaunaldi ez batere zaharrek, adibidez, gogoan dute nola, haurrak zirenean, husten ziren kalabazak eta pizten zitzaien kandela bat barruan, ez Seattlen eta ez Washingtonen, baizik hementxe, Euskal Herrian. Beharbada, urakanaren erauntsiari guardasol xahar batekin aurre egitea alferrik izaten denez, zera izango da soluzio bakarra: urriko azken gaueko parafernalia gero eta indartsuago hau pixka bat geuretzea. Edo, bestela, etsitzea, besterik gabe. Doazela umeak atez ate.

 

Izan ere, halako batean gogoratu naiz (aitortzen dut) neu ere egina nagoela Halloweeneko ospakizunen bat edo beste, 90eko hamarkadan, neska koxkorra nintzela. Eta primeran pasatzen genuen, egia esan. Kontua zera da: gero hazi egin ginela eta, batez ere, hezi egin gintuztela. Eta orain askok geure kabuz erabaki dugula ikuspegi kritiko batetik begiratzea Estatu Batuetatik sartu diguten aspergarren errituari.

 

Bego lasai, beraz, guraso preokupatu hori. Edo kontsola dadila, behintzat, jakinda ez dela Halloween izango, inondik ere, gure umeei irentsaraziko dieten munstrokerietan munstrokeriena.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide