Natural itxurak

Erabiltzailearen aurpegia

"Ez baitago naturaltasunarena baino postureo handiagorik"

Politika antzerkia dela deskubritu digute enegarren aldiz irrati eta tabernetako berritsuek. Madrilen dabiltzala, diote, zein den txarren artean onena irudikatu nahian. Egoeraz gizarteak hau eta bestea pentsatzen du, kontatu digute. Nazka-nazka eginda gaudela hainbeste itxurakeriaz. Gauzak argi eta garbi esateko garaia dela, ez gaitzaten inozotzat jo. Tira, nik kontrakoa pentsatu nahi dut ba. Grezian politika egituratu zenetik hona pixka bat ikasi dugula politika deskodetzen. Arropa sekula baino zuriago utziko digun garbigarri berria bezala. Badakigu hori lehen ere saldu zigutela, eta ez zela hainbesterako izan. Politikara itzuliz, iruditzen zait, antzerkia erruki gabe salatzen duenak gutxiesten duela herritarren adimena.

Horregatik ernegatzen naiz politikariek naturaltasuna aldarrikatzen dutenean. Atzean beste ezer ez balego bezala. Ez baitago naturaltasunarena baino postureo handiagorik. Horretan iaioak dira moderno asko. Zein baino zein modu naturalagoan kristoren gezurrak eta bi esaten dituzte hamaika modu ezberdinetan. Denok dakigu argazki prestatuenak natural itxurakoak direla.

Sinpatia gehiago diet posea ukatzen denbora galtzen ez dutenei. Santi Leoneren hitzetan, "itxura egiten duena nortasun hauskorrekoa baita, segurtasun falta du naski, eta horrek maitagarri bihurtzen du". 

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide