Politika prime time bihurtu da, han eta hemen. Baina politikariak arazo ere badira, zahar zein berri. Itxuraz, edonor irensten du politikakeriak.
Etsigarriak dira politikari-fobo batzuk. Den-dena kaka zaharra dela diote, ordezkari guztiak berdinak direla: simaurra baino ustelagoak. Lauzpabost topiko edozelan kateatuz barrenak husten dituzte, ezjakintasunaren apologia gordinez. Beste batzuentzat, ostera, tankera handia dute hauteskundeek eta futbolak. Lehiak elikatzen du logikaren gaindi doan pasioa.
Asko gara aztertu beharrekoak. Hautes-porrak bete ditugu. Jokaldiak interpretatu. Alderdi honen erasoan boto zakua dakusagu, beste haren nekean, aldiz, kontraerasorako ahulezia. Joder, zenbat disfrutatzen dugun finalaren aurreko inkestekin. Eta geureak badira garaile? Hori txutea, txo!
Zeuk jakingo duzu M24eko emaitzek gauerdira arte esna edukiko zaituzten. Gau elektoralen zaleetakoa bazara, eta zerbaitek diost harra barruan daramazula, dosi atsegingarria opa dizut... Kanpainako alpiste zikinak akatu ez bazaitu behintzat.