Patti Smith

Erabiltzailearen aurpegia Igor Muñoz Oñederra 2020ko urt. 18a, 11:23
Ekainaren 20an izango da Patti Smith ARF-ean. / P.Smith

"Patti Smithek ez du hutsik egingo; ez da soilik espedientea betetzera etorriko den horietakoa"

Gabonetan saltzen diren abonamenduentzako pizgarri gisa, abenduan Azkena Rock Festibaleko kartelburuak eman ziren ezagutzera. Beste behin ere beteranoen esku utziko dute erakundeek inbertitutako diru kopuru handiak justifikatzeko ardura: John Fogerty, Suzi Quatro, Brian Wilson…

ARF 2020ra etorriko diren beste beterano horietako bati buruz arituko natzaizue gaur: Patti Smith. Ziur nago festibalean huts egingo ez dutenen artean emakume polifazetiko eta borrokalari hau izango dela. Artista batzuk erretiro erosoa ziurtatuko dieten errepertorio atsegingarriak eskaintzen dituzten bitartean, Smithek, 73 urterekin, 1970. hamarkadan New Yorkeko agertokietara igotzen zeneko balore berberetan sinesten jarraitzen du, hau da, ekitaldia partekatzera joaten denarekin elkarreragina eta erabateko entrega. Ez da soilik espedientea betetzera etorriko den horietakoa.

Patti Smith Chicagon jaio zen, familia apal baten altzoan. Amak jazza abestu ohi zuen eta Jehovaren lekukoa zen; beragandik jaso zituen musikarako zaletasuna eta espiritualtasuna, erlijio antolatu oro gaitzesten badu ere. Aita, berriz, irakurzaletasuna kutsatu zion langilea zen; lo egin aurretik literatur solasaldi atseginak izaten zituzten.

Gaztaroa ez zuen erraza izan: gogor lan egin zuen lantegi batean, 19 urterekin seme bat eman behar izan zuen adopzioan... Literatura eta berarentzat berria zen rock musika izan zituen babesleku bakarra. Hortik gutxira, 1967an, askatasun grinari jarraituta eta beat belaunaldiko idazleek erakarrita (Allen Ginsberg, Gregory Corso...) New Yorkera joan zen bizitzera. 68ko maiatzeko protesten osteko Parisen ere bizi izan zen, eta miresten zituen poeta frantsesen lana (Rimbaud, Baudelaire…) hurbiletik ezagutu zuen. Bi urte geroago New Yorkera itzuli zen, eta aurretik laguna zuen Robert Mapplethorpe argazkilariarekin Chelsea hotel ospetsuan finkatu zen. Orduan hasi zen bere dohain artistikoak guztiz askatzen. Antzerkia, pintura, literatura... 74ra arte ez zuen erabaki serioski musikan aritzea. Garai hartan, psikodeliaren gorakada aparkatuta, punkak musika demokratizatu zuen. Ez zen beharrezkoa bertutetsua izatea, hiru akorde soilekin musika sor zitekeen. Oholtza gaineko jarrera eta letren mezua zen benetan garrantzitsuena.

Piss Factory (txiza-fabrika) izeneko abestia izan zen bere lehen grabazioa, lantegien alienazioaren inguruko monologoa errezitatzen zuen lana. Saio hark Arista diskoetxearen ateak ireki zizkion 75ean, Horses estreinako diskoa grabatzeko. 75tik 79ra garai oparoak izan ziren Smithentzat. Easter diskoak, Because the night abestia jasotzen zuenak (Bruce Springsteenekin batera idatzia), arrakasta komertziala eman zion AEBetan zein Erresuma Batuan.

Lantegien  alienazioaren ingurukoa izan zen bere lehendabiziko lana

1980an ustekabean bera eta Fred Sonic Smith (MC5eko gitarrista ohia) senarra bizitza publikotik erretiratu ziren familia osatzeko asmoz. Hortaz, hurrengo 16 urteetan zehar, sortutako musika lanik aipagarriena People have the power ereserkia zuen 88ko Dream of life diskoa izan zen. 89tik 95era bitartean, gertuko pertsona ugari hil zitzaizkion Smithi: Mapplethorpe, Fred senarra, Todd anaia eta Richard Sohl taldeko teklista. Beheraldia gaindituta, 95ean REM taldeko Michael Stipe eta lagun on gehiagok bultzatuta, New Yorkera itzuli, eta Bob Dylanekin batera egindako bira bat izan zen jendaurrean egindako lehen agerraldia.

Ordutik aurrera, hainbat disko grabatu izan ditu: Trampin’, Twelve, Banga… baina batez ere musikarekin zerikusirik ez duten beste zereginei helduta jarraitu du lanean. Poeta, idazle eta argazkilari gisa artea ekoizten jarraitu du; aldi berean, arazo politiko-sozial ugariren alde borrokatu da, mugimendu feministaren ordezkari ezaguna izateaz gainera. Ugariak izan dira egindako lan guztiagatik jasotako esker onak: Frantziako Arteen eta Letren Ordenaren Komendatzailea, Espainiako Gobernuak emandako Arte Ederretako Urrezko Domina, Rockaren Ospearen Aretoan lekua…

Zalantzarik gabe, Patti Smithek sari horietako edozein pozik aldatuko luke bizitzan egin dituen aldarrikapen sozialetako edozein beteta ikustearen truke. Trump, klima-aldaketa, indarkeria matxista... Ekainean dakarren kausa dakarrela ozen abestuta argi utziko digu boterea jendearena izan behar dela. People have the power!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide