Euskal Herria eta Japonia oholtza berean jarriko ditu 'Hybrid, Rhythm & Dance' ikuskizunak

Erabiltzailearen aurpegia Daniel Sanz Moreno 2016ko aza. 2a, 16:30

Japonian ospe handia duten dantzariek, Ainu etniako Emi Toko abeslariak eta Oreka TX taldeak parte hartzen dute ikuskizunean. Gasteizen azaroaren 4an izango da.

Principal Antzokiak Hybrid, Rhythm & Dancen ikuskizunaren estreinaldia hartuko du azaroaren 4an, 20:30etik aurrera. Euskal Herrian egingo den birako azken emanaldia izango da Gasteizkoa.

Hybrid, Rhythm & Dance ikuskizuna Tokioko New National Theatreko Motoko Hirayama koreografo eta dantzariak sortu du, Oreka TX taldearekin eta Emi Toko Ainu etniako abeslariarekin elkarlanean. Horiez gain, Motokok aukeratu dituen diziplina ezberdinetako eta Japonian oso ezagunak diren bost dantzarik osatzen dute taldea. New National Theatrek eta Motokok Euskal Herria eta Ainu etnia gerturatzeko saiakera egin dute, eta horretarako Oreka TXeko partaideekin eta Emi Tokorekin jarri ziren harremanetan. Azken hori, Ainu etnia indigenakoa da; japoniarren kulturatik aldentzen den etniakoa, eta oso kantatzeko era berezia duena.

Egitasmoa Motokok Euskal Herrira eta Ainuen herrietara egindako bidaietan du abiapuntua. Bidaia horietan Oreka TXren musika eta Emi Tokoren kantaera ezagutu zituen, eta hor sortzen da Hybriden ernamuina. Ordutik hona, Internetek berebiziko garrantzia izan du.

Antolatzaileen esanetan, elkarrengandik urrun abiatu diren bi herrialdek eta bi kulturek bat egiteko gaitasuna izango du ikuskizunak. "Dantzaren eta txalapartaren unibertsoan elkartu gara ikuskizun bakarrean, eta bi herrialde eta kulturen artean nolabaiteko zubia eraiki dugu", adierazi du Oreka TX taldearen kide Harkaitz Martinez de San Vicentek. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide