Bueltan da Zientzia Astea

Erabiltzailearen aurpegia Daniel Sanz Moreno 2016ko aza. 3a, 10:00

Azaroaren 3tik 6ra Bibat museoak hartuko du EHUk antolatutako jarduera guztiak. Besteak beste, azoka, monologoak eta irteerak egingo dituzte.

Azaroaren 3tik 6ra EHUk antolatutako Zientzia Astea egingo dute. Bertan, ikerlariek beren ikerketak aurkeztuko dizkiete herritarrei. XVI. edizio honetan, guztira, 48 stand eta 86 jarduera antolatuko dituzte Bilbo, Donostia eta Gasteizen, tartean, lantegiak eta irteerak. Jarduera guztiak doakoak izango dira, baina aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da.

Gasteizko hitzorduak

Gasteizen Bibat museoa izango da zientziaren egoitza. Bertan izango diren jardueren artean, dolare eta bodega bat bisitatzeko txangoak eta gazta dastatzeko tailerrak aurkitzen dira. Horrez gain, Bibat museoak Zientzia Club deituriko monologoak hartuko ditu azaroaren 3an, zientzia eta umorea uztartuko dituen espazioan, hain zuzen ere.

Era berean, zientziari lotutako gai ezberdinak jorratuko dituzte stand batzuetan: Kontsumoaren teknologia, DNA Detektibea, Espainiako Gerra Zibilaren Arkeologia eta Energia Berriztagarriak, besteak beste.

Lantegiei dagokienez, gehiengo batek gastronomia izango du ardatz: Ogi-dastaketa, Añana haraneko gatz-dastaketa eta Arabako Errioxako olio dastaketa, esaterako. Baina bestelako arloak ere landuko dituzte, hala nola, Magia dirudi, fisika da, Estatistikarekin jolasten, Zerua behatzen edota Zientifiko egun batez.

Egitaraua: Zientzia Astea 2016

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide