Zendu da Maria Jesus Agirre, Gasteizko alkateorde ohia

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2016ko aza. 19a, 09:42

Hiriko gizarte politika modernoak sustatu zituen administrazio barrutik, 38 urteko ibilbide politikoan.

Ostiral gauean zendu zen Maria Jesus Agirre. Aitzindaria izan zen politikagintzan: batetik, gizonezkoena zen testuinguru batean egin zuen aurrera; bestetik, Gasteizko gizarte zerbitzuak gaurkotu eta sustatu zituen, administrazio barrutik.

Gaztea zenetik gizarte zerbitzuenganako grina agertu zuen. Gizarte Langintza ikasi zuen Bilbon, eta, ikasketak amaituta, Gasteizen hasi zen lanean. Orduan ezagutu zuen Jose Angel Cuerda; Gasteizko alkate ohia abokatua zen, eta Agirrek eskatu zion babesgabetasun egoeran zeuden emakumeei laguntzeko.

Cuerda eta Agirre elkarrekin sartu ziren Gasteizko Udalean, 1979. urtean. Agirrek udalean eman zuen bizitza politiko gehiena; alkateordea izan zen, baita zinegotzia ere. Jose Angel Cuerdak hainbatetan goratu du Agirreren lanaren garrantzia. "Gizarte gaietan egindako guztia beragatik egin da", aitortu izan du elkarrizketetan.

Udaletik kanpo ere aritu zen politikagintzan: Arabako Gizarte Ongizateko diputatua izan zen 1983tik 1987ra arte; Arabako Biltzar Nagusietako batzarkidea izan zen; eta Espainiako Diputatuen Kongresuan egon zen bi urtez, besteak beste.

Alderdi politiko guztietako ordezkariek, aho batez, nabarmendu dute Maria Jesus Agirrek egindako lana, eta dolumin mezuak bidali dizkiote haren senideei. Gorka Urtaran, Gasteizko alkatea, Maria Jesus Agirreren semea da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide