Gizarte etxeetako euskarazko ikastaroak eta “no-sabia-que-era-en-euskera”-tarrak

Erabiltzailearen aurpegia Asier Sarasua Garmendia 2014ko ira. 18a, 02:00

Duela hamabost bat urte eman nuen izena lehen aldiz gizarte etxe bateko jarduera batean, marrazketakoan hain zuzen. Gogoan dut jendez mukuru zegoen kiroldegi batera joan behar izan nuela loteria bat ikustera. Ikastaroan eman nuen izena eta lortu nuen tokia. Hala ere, handik egun batzuetara dei bat jaso nuen udaletxetik: ez zen nahiko jende apuntatu, eta ikastaroa bertan behera geratu zen.

 

Duela bi urte berriro eman nuen izena marrazketan. Oraingoan bai, aski jende zegoen eta egin ahal izan genuen ikastaroa. Asko poztu nintzen gela jendez beteta zegoela ikustean: 12 lagun inguru bildu ginen.

 

 

Hamabost urtez mota askotako ikastaroak euskaraz egin ondoren, euskarazko jardueretarako arriskutsua den espezie berri bat deskubritu dudala uste dut: “no-sabia-que-era-en-euskera” (NSQEE) espeziea.

 

Matrogimnasia, 2008. urte inguruan: ikastaroa euskaraz da, baina bertara agertu da emakume elebakar bat haurrarekin. Lehen hitzak esan ditu monitoreak, eta emakumeak ezetz, gaztelaniaz egiteko. Monitoreak esan dio izena emateko aukeretan jada jartzen zuela hemengoa eta oraingoa euskaraz dela. Gainera, matrogimnasia euskaraz dagoen ikastaro bakoitzeko, hamar inguru dituela gaztelaniaz Gasteizko edozein gizarte etxetan.

 

Ez pentsa NSQEEtarrak ez dakiela ikastaroa euskaraz dela. Badaki, ongi jakin ere, baina uste du jende gutxiago apuntatzen dela euskarazko ikastaroetara, eta horietan aukera gehiago izango duela tokia eskuratzeko. Gero primeran baliatuko du euskal hiztunok bizi dugun egoera ideologiko penagarria, hamaika urtez “euskararen inposizioaz” aritzeak ekarri duena, jarduera osoa gaztelaniara edo gutxienez elebiduntasunera lerratzeko.

 

Azkenerako, monitoreak ikastaroan gauden gainerakooi galdetuko digu ea ez digun axola ikastaroa elebiduna izan dadin. Zer egin behar dugu euskaldunok orduan? Ezetz esan, eta euskara “inposatu”? Ze horixe da NSQEEtarrak bilatzen duena, biktimarena egin. Izan ere, denok gaztelaniaz badakigunez, horixe ari gara egiten, euskara

inposatzen, pentsatzen du NSQEEtarrak.

 

Eta horrela ogia egiteko ikastaroan, marrazketakoan... hamaika ikastarotan aurkitu dut NSQEEtarra.

 

Azken aldian NSQEEtarrak bi espezie berritan banatzen ari dira: “si-tienes-sitio”-tarrak eta “ya-se-euskera”-tarrak.

 

“No sé euskera, pero como en el centro cívico tal ya no hay plazas, si tienes sitio podrías hacerme un hueco, ¿no?” Eta tokirik egiten ez badiezu, haserretu egiten dira. 65 urtetik gorakoentzat, edo 8-12 urte arteko haurrentzat, edo emakumeentzat, edo ordenagailua erabiltzen dakitenentzat... diren jardueretan zilegizkoa ikusiko ez litzatekeena, euskaraz direnetan normaltzat hartzen da. “Si tienes sitio... ¿por qué no me dejas asistir?” Onartuko al luke norbaitek hau: “Badakit ikastaroa emakumeentzat dela, baina tokirik badaukazu, nik ere egin al dezaket?” Edo hau: “Ez dut tokirik lortu helduentzako irristaketan, baina haurrentzakoan badagoenez, eman dezaket hor izena?”

 

Eta bigarrena, “ya-se-euskera”-tarrak: euskaraz badakitenak, baina ikastaro osoan zehar euskarazko hitz bakar bat egiten ez dutenak. Gero eta arruntagoa, euskaraz hitz egiten ez dakiten D ereduko ikasleak ugaritzen doazen neurrian. Noski, horiek ere errazago ikusten dute jardueraren euskarazko bertsioan tokia aurkitzea, eta “euskaraz badakitenez” (nahiz eta beren ahoetatik esaldi oso bat euskaraz ez den irten inoiz), ba horixe... “hautsok ekarriko dute lohiek”.

 

Horregatik, aurrekoan Martin Rezolak eskatzen zuena egokia izanda ere, kontuz: gizarte etxeetan, euskaraz egiten diren ikastaroetan, hobe ikastaro gutxi euskaldunez* beteak, ikastaro asko sasieuskaldunez beteak baino.

 

* Euskaldunak: euskaraz hitz egiten dutenak (berdin dio euskaltzainak diren ala euskaltegiko 6. mailan dauden), ez euskaraz hitz egiten dakitenak.

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide