"Komikien inguruan dagoen 'friki' etiketa galtzen ari da pixkanaka"

Erabiltzailearen aurpegia

NEREA LARREAk eta ALAIN PATIÑOk (Laudio, 1979) komiki argitaletxea sortu dute. Laster Angoulemako Feriara joko dute eta auren lehenengo eleberri grafikoa prestatzen ari dira.

Komiki argitaletxea egitea erabaki duzue, nola sortu zen ideia eta nola deituko da argitaletxea?

Betidanik gogoko izan dugu komikiak irakurtzea baina gehienetan ingelesez zein beste hizkuntzatan irakurri behar izaten ditugu.

Ohartu gara argitaletxe handiek ez dituztela gure gustuko komikiak gaztelaniaz argitaratzen, beraz benetan onak diren obra asko ez dira gure eskuetara heltzen.

Bestalde, gure inguruko artista askok zailtasun handiak izaten dituzte euren proiektuak aurrera eramateko, ez daukatelako baliabide nahikorik.

Hala ere, beste zigilu batzuk erabiliko ditugu argitalpen ildoaren arabera. Haurrentzako, adibidez, "Infantis", antzinako komikientzako "Antiquis"...

 

Zein komiki mota argitaratzeko asmoa daukazue?

Eleberri grafikoa argitaratuko dugu. Baina ez edonolako eleberriak, obrak aukeratzeko orduan narratiba eta ilustrazioak oso kontuan hartuko ditugu. Gainera irakurleek merezi duten kalitatearekin argitaratuko ditugu.

Manga baztertuko dugu hasieran nahiz eta kalitate handiko liburuak dauden. Nahiago dugu eleberri grafikoan murgildu.

Zeintzuk dira zuen erreferenteak?

Argitaletxeen artean, nola ez, Astiberrik lehenengo tokian egon behar du, Euskal Herriko komiki argitaletxe garrantzitsuena da eta aitzindariak, gainera.

Kalitate handiko komikiak argitaratzen dituzte hilero, gainera idazle eta marrazkilari nazionalen alde apostu handia egin izan dute betidanik. DeHavilland, Apa Apa, Fulgencio Pimentel, Milky Way.... argitaletxe makina bat dago. Denetatik zeozer ikasten dugu, geurea hobetzeko....

Autoreen artean ezin dugu erreferenterik izan, egunero topatzen baititugu artista berriak estilo ezberdinekin eta denak gustuko ditugu. Aurten, Michael DeForgek, Inio Asanok edota Olivier Scharauwenek liluratu gaituzte.

Angoulemara joango zarete, nolakoa izango da zuen lehenengo lana argitaratzeko prozesua?

Bai, Angulemera joango gara. Europako feriarik garrantzitsuena da eta argitaratzeko prozesu osoan parte hartzen duten agente guztiak eta komiki munduko artista eta argitaletxe onenak bertaratzen dira.

Gu jaioberriak gara eta ez dakigu oso ondo zerekin topatuko garen, gure helburua artistekin aurrez-aurre egotea da, orain arte posta elektronikoaren bidez soilik komunikatu izan garelako.

Gainera, asko ikasteko aukera izan daiteke eta bide batez ea kontraturen bat lortzerik dugun.

Argitaratuko dugun lehenengo lanarekin oso pozik gaude. Artista estatubatuar baten lana da. Eleberria aukeratu ostean, artistarekin adosten dira egin beharreko aldaketak, itzulpena egin behar du norbaitek, maketatu, inprentarekin materialak aukeratu eta banatu.

Pertsona batzuentzat komikia 9. artea da eta beste batzuentzat frikien kontua, nola konbentzituko zenituzkete azkenengo horiek komikiak irakur ditzaten? Zein komiki gomendatuko zenituzkete?

Mundua frikiena da, (barreak)... Estatuan komikiaren egoera asko hobetu da azken boladan. Oraindik ez dago Frantzian, Belgikan, Kanadan... bezalako jarrera, baina pixkanaka-pixkanaka "friki" etiketa hori galtzen ari da.

Gehien irakurritakoen artean Scott McCloud-en "El escultor" edo Craig Thomson-en "Blankets" egon daitezke, horiek ezinbestekoak dira edonoren liburutegian.

Gure lehenengo argitalpena irakurtzea gomendatuko genieke, ziur gaude irakurriz gero ez dela irakurriko duten gure azkeneko eleberri grafikoa.

Euskal komikia ezagutzen duzue? Zein da bere egoera zuen ustez?

Zoritxarrez, gaur egun, euskaraz argitaratzen diren komikientzako eskaria murritza da. Diru-laguntzak beharrezkoak dituen esparru bat da.

Badago zeozer, Astiberrik batzuetan euskaraz ere argitaratzen du, baina gauza eskasa (kopuruaren aldetik).

Adibidez, Paco Roca-ren "Zimurrak" lanak gaztelaniaz arrakasta handia izan duenez, euskaraz itzultzea erabaki du Astiberri argitaletxeak.

Dendetan euskaraz ikusi dugun azkeneko lana Javier de Isusi-ren "Baleak ikusi ditut" da. Euskara eta komikia esaldi beran jarrita, Gabai eta Ipurbeltz izenak bururatzen zaizkigu, gure haurtzaroko komikiak.

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide