Aramaioko Udalak kezka adierazi du herriko osasun zerbitzua dela eta

Erredakzioa 2020ko aza. 4a, 10:51
Aramaioko Udalak kezka agertu du lehen osasun arretarekin. ALEA

Herritarren ezinegona jaso du udalbatzak, eta lehen arretan gertatzen ari diren "murrizketak eta informazio eta komunikazio falta" salatu ditu.

Aramaioko Udalak udalerriko anbulatorioaren ardura duen OSI Debagoiena ospitalari eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailari eskatu die legeak ezartzen dituen ratioak errespetatuz mediku bat lanaldi osoan jartzea berriro udalerrian. "Gure udalerriari mediku bat eta erizain bat lanaldi osoan dagokio legez, baina mediku titularrak baja hartu zuenetik ez dugu izan lanaldi osoan medikurik. Medikua izan dugunean lanaldi erdian izan da eta kasu askotan hori ere ez".

Azaldu dutenez, inork ez dio Udalari ezer jakinarazi, baina jakin dute orain lehen arreta hori telefonikoa dela, eta ezinegon handia sortzen ari da erabakia gaixoen artean, "zeresanik ez pertsona nagusien artean". Udalaren esanetan, gainera, azken hilabetean, pertsona askok, kostata aurrez aurreko kontsulta lortu dutenean, anbulatoriora joan eta medikua ez dagoela ikusi dute, abisurik jaso gabe, "eta berriro ere direnak eta ez direnak egin behar izan dute txanda lortzeko. Hau da, ziurgabetasun handiarekin, bertaratu arte ezin da jakin medikua izango den ala ez". 

Halaber, jende asko minez egoten dela salatu du Udalak, medikuak gutxienez bi edo hiru egunetara deitzen baitu kontsulta telefonikoa egiteko. "Horrek ekarri du jende asko minez egotea inongo erantzunik jaso gabe, eta kasu batzuetan ezinagatik larrialdietara jo edo kontsultara joatea zitarik gabe, ezin izan dutelako gehiago minarekin". 

Pandemia egoeran, egoera zaila dela ulertzen duela esan du Aramaioko udal gobernuak, "baina jasaten ari garen murrizketa hauek eta komunikazio eta informazio falta honek egoera okertzen ari du gure udalerrian". Hartara, egoera konpontzeko elkarlana eta informazioa galdegin dute, eta Udalak bertako anbulatorioan ematen diren murrizketa, aldaketa edota moldaketen informazio zuzena izatea, herritarrak ere informatuak mantendu ahal izateko. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide