Kezka piztu da Gorbeialdean, eskola publikoetan egingo diren murrizketengatik

Erredakzioa 2020ko uzt. 8a, 14:25

Murgiako Oroko Ama Birjina ikastetxe publikoan ia 4 langile galduko dituzte. / GOOGLE MAPS

Gorbeialdeko Kuadrillak salatu du Hezkuntza Sailak "murrizketa handiak" iragarri dituela datorren ikasturteko lanpostuen zerrendetan. Kexa plazaratu du bertako eskola publikoen egoera "muturrera" joan daitekeelako.

Agustin Otsoa Eribeko Gorbeialdeko kuadrillako presidentea "oso kezkatuta" agertu da bertako eskola publikoetako zuzendaritza taldeek adierazi dioten egoeraren aurrean: "Hezkuntza Sailak atzera egiten ez badu, Gorbeialdeko eskolek etorkizun zaila izango dute datorren ikasturtean, gutxieneko kalitatea bermatu ezinik", azaldu du.

Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak iragan astean igorri zizkien Gorbeialdeko eskolei 2020-2021 ikasturterako lanpostuen zerrendako  aldaketak, eta, salatu dutenez, "murrizketa handiak" egin ditu Hezkuntza Sailak.

Lanpostuen murrizketak eskolen berezko tamaina txikiarekin egin du topo: Legution, irakasle eta erdi galduko dute; Izarran, irakasle bat; Gopegin, bi irakasle; Murgian, ia lau irakasle. Kuadrillako presidentearen arabera, Aramaion ere ez dago bermatuta aurreko urteetako lanpostuen zerrenda mantentzea, jada "oso murritza" baita; eta halaxe adierazi du bertako ikastetxeko zuzendariak.

Gainera, zerbitzu asko ere murriztuko direla ohartarazi du Otsoa Eribekok: "Jantokia, prestakuntza eta formazioa, ikasleekiko irakaskuntza berritzeko proiektuak… Hau guztia lehengo egoera txarra okertzera besterik ez dator". Administrazio-lanaren zama gero eta handiagoa dela azaldu du, eta pandemiak eragindako egoera bideratzeko tresna material zein giza baliabideak nahikoak ez direla uste du, "tutoretza eta ikasleen arreta gutxieneko kalitateaz bermatu ahal izateko".

"Ordenagailu eta ekipamendu berriren berririk, ordea, ez dago", kritikatu du Kuadrillako eskola bateko zuzendariak.

Langile publikoak haserre

Berri hau "azken tanta bat" izan dela deitoratu du Kuadrillako presidenteak: "Osasun larrialdian zehar egindako ahalegin bikoiztuen ondotik, neurri horiek ataka ezin estuagora eroango dituztela ikusirik, amorrua eta inpotentzia nagusi dira zuzendaritza-talde eta eskoletako pertsonalaren artean".

Zenbaitetan protesta idazkiak bidali dizkiote langileek hezkuntza ordezkaritzari, ikasleen familiekin batera. "Hezkuntza publikoa giza baliabideez eta materialez hornitu eta sendotu ez, eta gehiago murriztu nahi ditu Hezkuntza Sailak, noiz eta orain, noiz eta erakutsi eta frogatu denean zerbitzu publiko sendoak, beharrezkoak baino, ezinbestekoak direla", dio Kuadrillako presidenteak.

"Ez al dugu ezer ikasi bizitzen ari garen egoera honetatik?". Azkenik, dei egin die Hezkuntza Saileko arduradunei "apustu serioa eta partekatua" egin dezatela hezkuntza eta, oro har, zerbitzu publikoen alde.

Zuiako Udalak Pauldarren eraikina erosi zuen 2016an. / ZUIAKO UDALA

 

Zuian "asperdura eta frustrazioa"

Horrez gain, Zuiako Udalak salatu du Hezkuntza Sailak "behin eta berriz egindako iruzurra eta gutxiespena", Pauldarren eraikina eraberritzearren proiektuari dagokionez. Izan ere, Udalak 2016an erosi zuen eraikina, Oroko Ama Birjina ikastetxea eta Haur Hezkuntzako ikastetxea lekuz aldatzeko asmoarekin.

Hezkuntza Sailak eraikina erreformatzeko konpromisoa hartu zuela azaldu du Zuiako Udalak, baina, lau urte geroago, Hezkuntza Sailak erreforma proiektuaren erredakzioa esleitu ere egin ez duela salatu du Unai Gutierrez Urkiza (EH Bildu) alkateak. Hitz gogorrak zuzendu dizkio Cristina Uriarteren sailari: "Hezkuntza Saila zuzentzen dutenek gezurra esaten digute, engainatu egiten gaituzte eta mespretxatu".

Zuiako Udalak gaitzetsi ditu, halaber, Oroko Ama Birjina ikastetxean egongo diren murrizketak, eta hezkuntza-komunitatearen ekimen zein eskaera guztiak babestu ditu. Murgiako ikastetxe publikoak ia lau irakasle galduko ditu (%50), matrikulak %20 jaitsi dira eta, lehen aldiz, adin desberdinetako ikasleek tutoretza partekatu beharko dute.

Eskola Kontseiluak ohartarazi du neurri horrekin ez dela bermatzen biztanleriak landa-ingurunea "bizilekutzat" aukeratu ahal izatea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide