Igerilekuekin zer egin aztertzen dabil Legutioko Udala

Mirian Biteri 2019ko uzt. 19a, 10:48
Batzarra izan zen atzo arratsaldean Legutioko kultur etxean. / M Biteri

Batzar informatiboa egin zuen atzo proiektuaren nondik norakoak eta egoera juridikoa azaltzeko.

Martxan dago EH Bildu, EAJ eta PSE-EE taldeek osatzen duten Legutioko udal gobernu berria. Hartutako lehen erabakien artean, herriko igerilekuen inguruko asanblada informatiboa deitzea zen, eta atzo arratsaldean egin zen batzar hori. Ikusmina zegoen herrian gai horren gainean zer esango ote zuten jakiteko, eta hortaz, jendea hurbildu egin zen kultura etxera.

Udal arkitektoak, abokatuak eta udalerriko alkateak eman zituzten azalpenak. Jakinarazi zuten dagoeneko egin izan dela Udala eta Moyua enpresaren arteko epaiketa, eta epaiaren zain dagoela Udala orain.

2016an, Moyua enpresari esleitu zizkion aurreko Udalak eraikuntza lanak, 1,07 milioi euro (BEZa gabe) ingururen truke. Zazpi hilabeteko epean egon behar ziren obrak amaituta; hain justu ere, 2017ko maiatzerako. Hainbat arazo tarteko, baina, epeak luzatzen joan ziren. Luzapenen ondorioz, proiektua 2017ko abuzturako amaituta egon behar zen; epe hori ere ez zen bete.

Moyua enpresak lanen %26 baino egin ez bazuen ere, Udalari obra horiengatik zein bestelako hainbat gastuengatik (pertsonal gastuak, tartean) 784.000 euro eskatu zizkion. Udalak, ostera, 310.000 euro ordaindu zizkion, obrengatik; dena dela, 371.000 eurora heldu zitekeela onartu zuen. Hau da, 413.000 euroko aldea batak eta besteak esaten dutenaren artean. Egoera horren aurrean, Moyuak epaitegietara jo zuen.

Obren %40a eginda

Auzia epaitegietan zegoen bitartean, Legutioko Udalak beste enpresa bat kontratatu behar izan zuen orain arteko lanak behar bezala uzteko; obra horiek barik, orain arte egindakoa galtzeko arriskua zegoen. Gaur egun, %40a dago eginda. Hirugarren fase bat falta da, hiru-lau hilabetetan eginda egongo litzatekeena.

Udal ordezkariak, baina, epaia ezagutu arte ezer ez egitearen alde agertu ziren atzoko batzarrean; eta horren arabera, erabaki bat hartu.

 

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide