Aramaiok badu dagoeneko parkerako plana

Mirian Biteri 2018ko abe. 17a, 07:46

Txosten batean jaso dituzte hilabeteotan herritarrek eta hezkuntzako eragileek egindako diagnostikoaren ondorioak eta proposamenak.

Amaitu dute Aramaion Nardeaga parkea diseinatzeko prozesua, eta dagoeneko prest dago horren gaineko txostena. Bertan, hasierako diagnostiko faseak utzitako datuak eta proposamenak eskaintzen dira, eta jarraian, eremu guztirako aurrikusitako hobekuntzak jaso dituzte.

Txostenak gogorarazten du jolas tokiaren diseinua modu parte-hartzailean landu dutela azken hilabeteotan, metodologia eta prozesua herri eta eskola komunitatearekin zuzenean jorratuz. Denera, 89 haurrek, 10 hezitzailek eta 16 herritarrek parte hartu dute horretan. Lehen fasean diagnostikoa egin eta hobekuntza proposamenak jaso ziren eta horretarako hiru taldetan banatutako hiru saio egin zituzten: lehenengoa 4 eta 12 urteko umeekin; bigarrena, guraso eta herritarrekin; eta azkena, herriko ikastetxeetan lanean diharduten hezkuntza komunitateko eragileekin. Txostenean parte-hartze prozesutik ateratako ondorioak zein teknikoki aztertutako klabeak uztartu dituzte.

Denera, lau eremutan dago banatuta parkea. Batetik, irailetik erabilgarri dagoen C eremua edo Bañera parkea dago; udan ur parke gisa funtzionatuko duen gunea da. Azterketak, dena dela, zehazten du urtean zehar beste jolas batzuk egin ahal izateko tokia ere izan behar dela; tartean, skate parkea.

Zaintza eta irudimen gunea, prest

Bestalde, A gunean, kultura etxetik gertuen geratzen den eremuan, zaintza eta irudimena landuko lirateke. Zehazki, kutxa magikoak, mugimendu askatasuna sustatzea helburu duten pikler jolasak, sukaldea edota tailerra izango lukeen imajinazio gunea eta zurezko tokia izango lituzke horrek. Garatuta dago proiektua eta Udaletik iragarri dute laster hasiko direla hobekuntza lanekin.

Aurrera begira, beste bi gune berri aurreikusten ditu txostenak. B gunean, besteak bete, ohe elastikoak, armiarma sarea, kupula itxurako bi domo, enborrezko egitura eta parkea eta eskola lotzen dituen maldan sokak jartzeko asmoa dago. D eremuan, pilotalekutik gertuen dagoen espazioa, sorkuntza eta abentura uztartuko dituen jardueretako gorde da; tartean, ping-pong mahaia, enborrezko zirkuitua, rokodromoa eta mahaiak jartzea aurreikusten du txostenak.

Etorkizunean lan egiteko tresna izatea du helburu lanak. Horren arabera, eremu osoa kontuan hartuz "ikuspegi integrala" txertatzen da proiektu zein inbertsioen norabide bat izan eta nondik jo jakiteko. Dena dela, gaineratu du erabakiak hartzeko unean erabaki beharko dela norabide horretan jarraitzea edo ez.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide