Euskal ezkontzaren esperoan daude Legution

Mirian Biteri 2018ko urr. 4a, 13:02
2004. urtean egin zen lehen euskal ezkontza.

Herriko Laguntza txistulari taldeak antolatzen duen Urria Kulturala egitarauak 25 urte betetzen ditu aurten.

Berezia izango da Legutioko aurtengo Urria Kulturala. Ekimenak zilarrezko ezteiak betetzen ditu, eta urteurrena ospatzeko, legutioarren artean harrera ezin hobea duen euskal ezkontza antolatuko du laugarrenez. Ikusmina dago herrian, ezkongaiak zeintzuk diren jakiteko, baina urriaren 27ra arte itxaron beharko dute.

Laguntza txistulari taldeak antolatzen du 1994. urtetik Urria Kulturala, Udalaren laguntzarekin. Hasieran, herriko kultura etxe berriaren eta bertako liburutegiaren erabilera sustatzeko asmoarekin sortu zen. Txistulari taldeko presidente Josu Fernandez de Larrinoak gogorarazi du azaroan hasi zirela ekimenak antolatzen. "Lehenengo edizioa azaroan egin genuen, baina eguraldia dela eta, bigarrena hilabete aurreratzea pentsatu genuen; are gehiago, ekintza horiek herri osora zabaltzea erabaki genuenean", azaldu du.

Askotariko ekimenak antolatu dituzte ordutik; horietako batzuk finkoak dira. Tartean, urriaren hasieran, Albertia mendira egiten den irteera. Urtero, 150 lagunetik gora igotzen dira gainera, eta handik, Erregoieneko larretara jaisten dira, hamarretakoa egitera eta talde argazkia ateratzera. Mendi bizikleta martxa ere antolatu da azken 13 urteotan. Euskal Herri osotik iritsitako 200 bat txirrindularik parte hartzen dute pagadi eta harizti ederretatik igarotzen den 35 kilometrotik gorako luzerako ibilbidean. Jarindo-Albertia mendi lasterketa gazteagoa bada ere, parte-hartze handia du. Legutioko Bostibaieta elkarteak antolatzen du proba, eta Arabako IV. Mendi Lasterketen Koparen barruan dago aurten lehen aldiz. Oraindik ere eman daiteke bizikleta martxan zen mendi lasterketan izena, kirolprobak.com atarian. 

Gastronomia, presente

Gastronomiak ere tokia du. Onddo jardunaldia ia hasieratik egin da; Amurrioko Arriola mikologia elkarte eta herritarrei esker, 200 espezietik gora ikusteko aukera dago igande eguerdi batean, onddo eta barrengorriz prestatutako mokadutxoak eskaintzen diren bitartean. Hilaren erdian egiten den ardo dastatzean ere gustura egoten da jendea, eta baita urtero egiten den sukaldaritza ikastaroan ere. Guzti horiez gain, txangoak, musika emanaldiak, hitzaldiak, umeentzako ekimenak eta gai zehatz batean oinarritutako festak antolatu dira 25 urteotan.

Aurten, Euskal Ezkontza dago. "Armairuan gordeta dituen jantziak ateratzen hasi behar gara, eta emaztegaiarentzako arreoa prestatzeko gauzak ere. Eguraldiak kale egin ez dezala eskatzen dugu bakarrik", amaitu du esaten Fernandez de Larrinoak.

Egitaraua, egunez egun: 

Urriak 6, larunbata

  • 09:30 XIII. Mendi bizikleta martxa.
  • 10:00 BTT martxa txikia.

Urriak 7, igandea

  • 12:30 Onddo jardunaldia: dastatzea eta erakusketa.

Urriak 13, larunbata

  • 20:00 Hitzaldia-kontzertua. 

Urriak 14, igandea

  • 09:30 XXII. Albertiara irteera. 

Urriak 17 eta 18

  • 18:00 Sukaldaritza tailerra. 

Urriak 20, larunbata

  • 19:30 Ardo dastatzea.

Urriak 21, igandea

  • 11:00 VII. lasterketa: Jarindo-Albertia.

Urriak 26, ostirala

  • 19:00 Ipuin kontalaria. 

Urriak 27, larunbata

  • 17:00 Euskal ezkontza.

Urriak 28, igandea

  • 18:00 Umeentzako ikuskizuna.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide