Enpresa sarea eta herritarren arteko topaketa gune izateko asmoz, Empleo Gune izeneko enpleguaren foroa antolatu dute Gasteizen maiatzaren 9an. Europa jauregian izango da, eta Udalak, Aldundiak eta EHUk sustatu dute egitasmoa.
Sektore ekonomiko ugarietako enplegu pribatuko eta publikoko aukerak eta etorkizuneko erronkak aztertzea da foroaren helburua, Gasteizen hedatzeko bidean dauden enpresek behar dituzten profilak eta enplegu-eskaintzak zabaltzea, eta enplegua modu aktiboan bilatzen ari direnen informazioa zabaltzera bideratutako jarduerak eskaintzea.
Ekimena aurkezteko ekitaldian izan dira Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren zinegotzia, María Nanclares;Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza, Turismo eta Administrazioko diputatua, Cristina González; eta EHUko Arabako campuseko errektoreordea, Manoli Igartua. "Gasteizko Enpleguaren Foroa sendotuta dagoen egitasmoa da eta, horren bidez, beren jarduera garatzeko profesionalak behar dituzten hiriko enpresen eta, lanposturik ez dutelako edo lan-aukera bila berriak lortu nahi dituztelako enplegu bila dabiltzan pertsonen arteko harremana sustatzen dugu", adierazi du Enplegu zinegotzi Maria Nanclaresek.
700 enplegu aukera baino gehiago biltzen dituen ekimenean parte hartzera deitu du, bere aldetik, Cristina Gonzalez Enplegu diputatua. "Kualifikazio maila ezberdinak eskatzen dituzten era askotako sektore ekonomikoetako postuak betetzeko aukerez ari gara: lehen mailako ikasketetatik hasi eta unibertsitateko tituluak edo lanbide-heziketakoak arte".
Aurtengo edizioko jardueren programa barruan, Manoli Igartuak haietako hiru azpimarratu nahi izan ditu: haien ardatz tematikoa enpleguaren bilaketarekin eta garapen profesionalarekin lotuta adimen artifiziala aplikatzea da. "Aplikazio hori gero eta hedatuago dago eta enplegua bilatzeko eta hautagaitzak aukeratzeko prozesua eraldatzen ari da. Hori dela eta, jarduera horiek oso interesgarriak direla uste dut".
96 enpresa
Empleo Gune 2024 ekimenean 96 enpresa eta erakundek hartuko dute parte. Haietako 64k stand bidez interesdunei arreta emango diete. 26k webgunean eskaintzak argitaratuko dituzte eta 5 enpresak eta erakunde batek mahai-inguru batean hartuko dute parte. Parte hartzaileek eskainitako 712 enplegu-aukeretakoren bat eskuratu ahal izango dute. Haietako %37an, unibertsitate-titulazioa beharko da, %29an lanbide-heziketakoa, %6an DBHko titulua, profesionaltasun-ziurtagiria edo lehen mailako ikasketak; eskaintzen %28an, aldiz, ez dago gutxieneko titulaziorik ezarrita.