Bi kilometroko hoditeria jarriko dute ur sarera lotzeko

Erredakzioa 2024ko api. 16a, 17:20
Mandoia herrian dagoen ur putzu batetik hartzen dute orain edateko ura. Argazkia: COMMONS

Mandoia, Legarda, Artatza Foronda eta Gereñan asteak daramatzate txorrotako ura edan gabe, nitratoz kutsatuta dagoelako. Arazoa "behin betiko" konpondu nahi duela dio udalak.

Azken asteotan nitrato maila altuak izateagatik edateko ura kontsumitu ezin izan duten Gasteiz inguruko lau herrietara ura eramateko hoditeria bat jarriko du AMVISAk, gune horietako hornidura sarea Gasteizkoari lotuz.

Hala, Gasteizko Udalak ohar batean adierazi duenez, bi kilometroko azpiegitura eraikiko dute Mandoia, Legarda, Artatza Foronda eta Gereña herrietara. Uneotan txorrotako ura edateko debekuak bere horretan jarraitzen du, azken azterketen arabera ohiko mailak berreskuratu diren arren. Hoditeria eraikitzeko erabakia hartu dute "behin betiko irtenbide gisa, etorkizunean arazoa berriro gerta ez dadin", udalaren hitzetan.

Herri horiek Mandoian dagoen 200 metro inguruko putzu batetik ateratzen dute edateko ura, eta arazketa prozesua egiten diote ondoren, kontsumora egokitzeko. Aurkitutako poluitzaileak nitratoak direnez, nekazaritza soroak dituzte abiapuntu logikoena. Uste dute duela hainbat aste izandako euriteek faboratu dutela nitratoen infiltrazioa. Kutsadura atzeman zenetik, botilaratutako ura eraman zaie herri horietako ehun biztanle ingururi.

Udalak dio tarte honetan hoditeria martxan jarri ahal izateko prestakizunetan ibili dela, eta azken izapidea atzo gauean bertan gertatu dela, Uribarri Dibiñako bizilagunek herrira iristen den hoditeria Gasteizko kontsumo sarera konektatzeko baimena eman dutenean. Epeak zehaztu ez badituzte ere, aurreratu dute momentuz hoditeria gainazaletik paratuko dutela, lanak azkartze aldera.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide