Uholdeak itzuli dira Arabara, euri-jasaren ondorioz

Erredakzioa 2024ko ots. 27a, 14:00

Azken orduetako prezipitazioek uholdeak eragin dituzte Gasteizen eta Arabako hainbat udalerritan, ibaiek eta estoldek gainezka egin dutelako. Lurralde osoan arazoak izan dira goizean zehar, baina pixkanaka normaltasuna itzultzen ari da.

Berriz ere uholdeak sortu dira Araban. Azken egunetako prezipitazio handien ondorioz, goizaldean zehar zenbait ibaik gainezka egin dute, eta arazoak sortu dira lurralde osoan zehar; bereziki hiriburuan, Gasteizen, eta inguruko herrietan, baina baita Añana (Erriberagoitian, Espejon, Tresponden eta Billodan), Gorbeialdea (Sarrian) eta Lautadako (Dulantzin) zenbait eremutan ere.

Besteak beste, Batan (hegoaldean) eta Zadorra (iparraldean) ibaiek egin dute gainezka hiriburuan, eta lurraldeko beste ibai batzuk ere gainezkatu dira, hala nola: Zaia, Dulantzi, Santo Tomas, Baia, Omecillo eta Barrundia. Ebroko Konfederazio Hidrologikoak ohartarazi duenez, goizaldean alerta laranjako mailak gainditu dira Zadorran (Gasteiz), Omecillon (Bergonda) eta Ihuda (Berantevilla) ibaietan.

Gasteizen hainbat errepide moztu behar izan dituzte, estolda ugarik gainezka egin ostean. Hirian zein hiriaren irteerako zenbait puntutan arazoak izan dira trafikoan eta garraio publikoan, tranbiaren zein Tuvisako autobusen eta BEIren zerbitzuetan. Udaltzaingoa trafikoa desbideratzen ari da, Larrialdi Zerbitzuek ura biltzen duten bitartean. Horrez gain, Udalak hustubideak ireki ditu egoera arintzeko asmoz.

Gainera, uholdeak hiriguneko zein hirigunetik kanpoko eremuetara zabaldu dira, besteak beste: unibertsitatea, Mendizorrotza, Batan, Arkaiate, Arkauti, Askartza, Mendiola, Elorriaga, Abetxuku, Foronda, Ihurre, Estarroa, Mendoza, Margarita, Andetxa, Astegieta, Otogoien, Otobarren eta Martioda. Zenbait eraikinen beheko solairuak urez bete dira, eta zenbait ikastetxetan —Nazareth, Virgen Niña, Ekialde BHI eta Ciudad Jardin— sartzeko arazoak izan dira goizeko lehen orduetan.

Zer gertatu da hegoaldean?

Batan ibaiaren kasuan, Gasteizko Udalak goizean zehar argitu du arazoa euri-uren sarearen saturazioa izan dela. Antza denez, ibaitik iritsitako eta bertan pilatutako bi enborrek eragin dute hiriaren hegoaldeko uholdeak, eta ez ibaiaren beraren gainezkatzeak. Izan ere, hegoaldeko Batan eta Zapardiel ibaiei eusteko obrari esker, euri-uren zati bat xurgatu ahal izan da; eta bi ibaietako urak euri-uren sarera bideratzen dira.

Nolanahi ere, goizean zehar sortutako arazo nagusiak arintzen joan dira. Araba kalearen inguruan garbiketa lanei ekin diete jada, uholdeak gainditu ondoren. Eta garraio publikoa ere pixkanaka normaltasunera itzuli da.

Larrialdi plana, arratsaldera arte

Josu Erkoreka lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak premiazko bilera deitu du 11:30ean, atzo aktibatutako Uholde Arriskuagatiko Larrialdi Plan Bereziaren krisi-mahaia koordinatzeko. Suerta daitezkeen arazoei aurre egiteko elkarlanean arituko dira Jaurlaritza, aldundiak eta udalak, bai eta Ertzaintza, udaltzaingoak eta suhiltzaileak ere.

Era berean, Gasteizko Udaleko Segurtasun Sailak ere Larrialdi Planaren larrialdi faseko 1. egoera aktibatu du 07:00etatik aurrera, uholdeengatik.

Eguerdian, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du gaur arratsaldean desaktibatuko duela larrialdi plana, eguraldiaren iragarpenak hobetu direlako. Azken orduetan, metro koadroko 126 litro euri inguru neurtu dituzte Euskalmetek Gorbeian duen estazio meteorologikoan; Sarrian 97,5 litro izan dira; Abetxukun 59; Altuben 60,5; Agurainen 46; eta Subillan, berriz, 65 litro.

112 SOS Deiak zerbitzuak 00:00etatik orain arte artatutako gorabeheren balantzeari dagokionez, Araban zazpi intzidentzia izan dira lur-jausien edo eroritako zuhaitzengatik. Horrez gain, ur-putzuekin do eraikinetatik ura ateratzearekin lotutako beste 34 gertakari artatu dituzte.

IRUDIAK


Elorriagan N-104 errepidea moztu behar izan dute (Bideoa: Segurtasun Saila)


Kuartango inguruan pottoka talde bat erreskatatu behar izan dute, Baia ibaiak gainezka egin ostean uretan harrapatuta gelditu direlako.


Laudion ez da uholderik izan oraingoz, baina Nerbioi ibaiaren maila nabarmen igo da.


Iturria: araba.eus

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren kameren bitartez, lurraldeko errepide nagusien unean uneko egoera ikusteko aukera dago. Posible da kamera batzuen seinalea galtzea zenbait unetan.

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide