Aldaialde ikastetxeak 2024an irekiko ditu ateak

Erredakzioa 2024ko ots. 23a, 13:30
Aldaialde ikastetxeko obrak. Argazkiak: Hezkuntza Saila / Eusko Jaurlaritza

Barrakoietan emandako zortzi ikasturteak atzean utzi eta 2024ko irailean jarriko dute martxan Gasteizko Aldaialde ikastetxe berria, 700 ikasle ingururekin. Salburua institutua ere datorren ikasturtean estreinatuko dute.

Aldaialde Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoaren behin betiko eraikina errealitate bat da dagoeneko, zortzi ikasturte barrakoietan eman ostean. Proiektua AHTaren hasierako trazaduraren eraginpean egon zen, baina, azkenik, 2024/2025 ikasturtearekin batera irekiko ditu ateak, bi urteko lanen ondoren.

11,5 milioi euro inguruko inbertsioa eginda, instalazio berriek Haur eta Lehen Hezkuntzako hiru lerro hartuko dituzte, 700 ikasle ingururentzat. Ikastetxea 14.192 metro koadroko lursail batean dago, Zabalgana auzoan, hiru solairuko eraikin nagusi bat du, eta guztira 5.598 metro koadroko azalera du.

Honako espazioak izango ditu, besteak beste: 2 urteko ikasleentzako lau gela, Haur Hezkuntzako bederatzi gela, lo kuluxkarako gela, bi psikomotrizitate gela, Lehen Hezkuntzako hemezortzi gela, ingeleseko bi gela, musika gela, askotariko erabileretarako gela, informatika gela, banaketarako gela, laborategia, taldeko lanerako bi gela, liburutegia, gimnasioa, aldagelak, kirol pista estalia, jantokia, sukaldea, ataripe estalia, eta Haur Hezkuntzako atari estalia.

Aurrerago, lursailak DBHrako eraikin berri bat hartuko du ere. Gaur egun, etorkizuneko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe horren diseinua idazten ari dira, lan hori uda baino lehen amaituta egotea aurreikusita.

Salburua institutua

Halaber, Hezkuntza Sailak aurten martxan jarri nahi dituen azpiegituren artean dago Salburua institutua. Aldaialde bezalaxe, ikasturte berria hastearekin batera irekiko ditu ateak, 18,8 milioi euroko inbertsioaren ostean, DBHko zazpi lerro eta Batxilergoko lau lerrorekin. Guztira, 36 ikasgela izango ditu, mila ikasle inguru hartzeko.

2020 eta 2024 urteen artean, 520 milioi euro inguru bideratu ditu Jaurlaritzak Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan hezkuntza azpiegiturak eta ekipamenduak hobetzera.

Aldaialde ikastetxe berriaren obrak, 2023an zehar. ALEA

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide