Udari agur esan dio Olarizu Eguneko erromeriak

Mikel Buruaga 2023ko ira. 11a, 19:30

Goizeko eguraldi onaren ostean, ekaitz arriskuaren mehatxupean Olarizu Eguneko erromeriaz gozatu dute milaka gasteiztarrek: mugarrien ibilbidea, babarrun jana, postuak, jolasak, herri kirolak, erraldoiak, buruhandiak, kalejirak, dantzak, kukaña...

Urtero bezala, eta bost mende baino gehiagoko ohiturari jarraituz, Gasteizko udalbatzaren martxarekin hasi da aurtengo Olarizu Eguna, uda pixkanaka agurtu eta udazkenari ongi etorria emateko. 09:00ak aldera, Plaza Berritik abiatuta eta Udal Txistulari Bandaren doinuari jarraituz, udalerria mugatzen duten mugarriak ikusteko ibilaldiari ekin diote zinegotziek.

Aurten ia 10 kilometroko ibilbidea egin dute, 38 mugarritan barrena; besteak beste, Lubiano, Jungitu, Matauku, Argomaniz eta Andollu herrietatik igaro dira. 333. zenbakidun mugarritik 371. zenbakidunera.

Udal segizioa 14:45ak aldera iritsi da Olarizuko zelaietara, baina erromeria ekitaldiak lehenago hasi dira. 13:00etatik aurrera, babarrun jan herrikoia antolatu dute Boilur elkarteak eta Vital Fundazioak; eta, ordu berean, angelusa egin da mendiaren tontorrean. Udalbatzak Olarizuko Etxaldean bazkaldu du, Gasteizko kontzejuetako ordezkariekin batera.

Arratsaldean zehar, 17:00etatik aurrera, haurrentzako jolasak, kalejira, musika, dantza eta herri kirolak izan dira, bertako produktuen postu tradizionalez gain. Trikizio taldearen dantzaldiak girotu du jai gunea, ausartenek kukañaren punturik altuenera igotzen saiatu diren bitartean.

Tanta batzuk erori dira eta euritako asko ikusi ahal izan dira zelaietan, baina, oraingoz behintzat, eguraldiak ez du susto handirik eman. Hortaz, milaka gasteiztarrek normaltasunez gozatu ahal izan dute jarduerez.

Herritarrak 20:00etan itzultzen joango dira zelaietatik, eta udaleko zinegotziak Plaza Berrira abiatuko dira. Bertan, Udal Musika Bandak egingo die harrera, Viva Vitoria interpretatuz. Ospakizunak suzko zezenarekin amaituko dira.

Mugarrien ibilbidea

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide