Euskara ikasteko udal ikastaroetan 900 plaza eskainiko dituzte

Erredakzioa 2023ko ira. 5a, 12:30

Udaleko, Aldundiko eta euskaltegietako ordezkariak. Argazkia: Gasteizko Udala

Gurasoek, adinekoek, atzerritarrek eta merkataritza zein ostalaritzako profesionalek irailaren 13ra arte izango dute aukera Udalak antolatutako euskara ikastaroetan izena emateko. Gainera, Aldundiak 240 euro arteko laguntzak emango ditu euskaltegietan matrikulatzeko.

Martxan da ikasturtea, eta Gasteizko Udalak euskara ikasteko antolatutako ikastaroetan izena emateko epea zabalik dago. Interesdunek irailaren 13ra arte izango dute lau kolektiborentzat berariaz eskainitako 900 plazetan matrikulatzeko epea: gurasoak, 55 urtetik gorakoak, jatorri atzerritarra dutenak eta merkataritzan edo ostalaritzan lan egiten dutenak.

Gurasoen eta adinekoen kasuan, ikastaroetan izena eman ezin izan dutenek irailaren 24ra arte izango dute itxarote-zerrendetan izena emateko aukera.

2023/2024 ikasturterako kanpainaren aurkezpenean izan dira Maria Nanclares Gasteizko Euskara zinegotzia eta Jone Berriozabal Euskara eta Gobernantzako foru diputatua, hiriko euskaltegietako ordezkariekin batera. Ikasi eta bizi euskara giro onean da aurtengo leloa.

Nanclaresek azpimarratu du duela 40 urte euskaraz hitz egiten zutenak %5 baino gutxiago zirela, eta gaur egun, aldiz, %30 direla: "Gasteizen euskara ulertzen duten pertsonak ulertzen ez dutenak baino gehiago dira", gaineratu du, bide horretan aurrera egiteko helburua aldarrikatuz. "Emakumeak gehiengoa dira matrikulazioan, ikasleen %63,9", nabarmendu du, bere aldetik, Berriozabalek.

 

Gurasoak

Gurasoei zuzendutako ikastaroetan, batez ere familia esparruari lotutako alderdi praktikoak ikasiko dituzte, eta, gainera, seme-alaben eskolako ikasketa indartu ahal izango dute. Guztira 166 orduko ikastaroa da, urritik maiatzera, iazko ordu kopurua mantenduz; aste bakoitzean bi orduko hiru saio izango dira, eta ordutegiak kontziliazioa errazteko diseinatuta daude. HABEk homologatuta egongo dira, eta azpimaila bana antolatuko da ikastaro bakoitzean.

Matrikula arruntaren prezioa 122,40 eurokoa da ikasturte osorako. Matrikula murriztua 97,20 eurokoa da ikasle berrientzat eta aurreko ikasturtean %80ko asistentzia edo handiagoa izan zutenentzat. Langabetuen kasuan, gainera, %15eko hobaria gehituko da.

55 urtetik gorakoak

Urtez urte sendotzen ari da adinekoei zuzendutako programa. Helburu nagusia zerotik hasita hizkuntzan hastapenak izatea da, eta ikastaroak eguneroko bizitzan moldatu ahal izateko lehen ezagutzak ikastea ahalbidetzen du. Hamabi ikastarotik lau Bizan sareko zentroetan eskainiko dira: Koroatzea, San Martin, Txagorritxu eta San Prudentzio. Ikastaroaren prezioa 52 eurokoa izango da.

Jatorri atzerritarra duten bizilagunak

Ikastaro hauen xedea hizkuntza harrera da: oinarrizko euskara (hiztegia, agurrak...) eta gizartearen inguruko ezagutzak lortzea. Salburuko Errekabarri ikastetxean taldea eratzen saiatuko dira, ikastaroa egin ostean hasierako mailako (A1) taldeetan sartu ahal izateko. Kasu honetan, matrikularen prezioa 9,70 eurokoa da hiruhileko bakoitzeko (60 ordu).

Merkataritza eta ostalaritza

Bestalde, merkatari eta ostalariek ahoz komunikatzeko eta beren establezimenduko idatzizko informazioa (errotuluak, eskaintzak, oharrak...) euskaraz prestatzen ikasiko dute. Bi ikastaro eskainiko dira: A1 (hasierako maila) eta B1.2 (eskolatze-prozesua euskaraz egin dutenentzat). Matrikularen prezioa 48,20 eurokoa izango da (60 ordu lauhileko bakoitzean). Gainera, gaur egun langabezia egoeran egonez gero, %15eko hobaria aplikatu ahal izango da.

Diru-laguntzak

Ikastaroak antolatzeaz gain, Udalak euskara ikastea sustatzeko laguntza ekonomikoak ere eskaintzen ditu. Aurten, 150.000 euro bideratuko ditu helburu horretara, eta 531 eskaera jaso ditu jada.

Horrekin batera, Arabako Foru Aldundiak 85.000 euro banatuko ditu aurten lurraldeko euskaltegietan matrikula egitean Aldundiaren diru-laguntza eskaera egin eta eskatutako baldintzak betetzen dituztenen artean. Aurreko ikasturteetan bezala, baldintzak hiru dira:

  • Adinez nagusia izatea deialdia Arabako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean.
  • Arabako Lurralde Historikoan edo Trebiñuko enklabean erroldatuta egotea.
  • HABEk homologatutako euskaltegi batean matrikulatzea Araban edo Trebiñun, A1, A2, B1 eta B2 mailetako edozeinetan.

Ikasle bakoitzak ezarritako hiru diru-laguntzetako bat jaso ahal izango du betetzen dituen orduen arabera; hau da, zenbat eta ordu gehiago eman euskaltegian, orduan eta diru gehiago, 240 euro arte.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide