Rodrigo Cuevas Gasteizen izango da martxoan, Jabetze Feministarako Eskolaren barruan

Erredakzioa 2023ko abu. 31a, 12:30

Rodrigo Cuevas 'La Romería' bira berrian murgilduta dabil. Argazkia: elcohete.com

Jabetze Feministarako Eskolak 76 jarduera eskainiko ditu irailetik maiatzera bitartean: konferentziak, arte eszenikoak, literatura, zinema, musika... Martxoaren 14an, Rodrigo Cuevasen 'La Romería' ikuskizuna iritsiko da Principal Antzokira.

Bueltan da Gasteizko Udalaren Berdintasun Zerbitzuak antolatutako Jabetze Feministarako Eskola. Badakizu zein den zure lekua lelopean, eskolak irailean ekingo dio 2023/2024 ikasturteari, eta maiatzera bitartean 76 jarduera proposatuko ditu, Emakumeen Etxean zein hiriko beste hainbat espaziotan. Izen-ematea ostiral honetan zabalduko da.

Programazioaren barruan konferentziak, arte eszenikoak, literatura, zinema eta musika nagusituko dira. "Berdintasun arloan egindako aurrerapenak nabarmendu nahi ditugu, gizartean duela gutxira arte pentsaezinak ziren aldaketak ekarri baitituzte. Kirol gertakarietan ikusi dugu hori azken egunetan. Adibide deigarri bat baino ez da, baina bilakaera geldiezina da", aldarrikatu du Ana Lopez de Uralde Gasteizko Berdintasun zinegotziak, XIII. edizioaren aurkezpenean.

Ana Lopez de Uralde, Gasteizko Berdintasun zinegotzia.
Argazkia: Gasteizko Udala

 

Irailaren 21ean, ostegunean, hasiko da aurtengo programazioa, 18:30ean Felix Petite Antzokian. Hasiera batean ¿Cómo hemos llegado hasta aquí? antzezlana eskaintzea zegoen aurreikusita, baina bertan behera gelditu behar izan du (Nerea Perez de las Herasek izandako istripuaren ondorioz).

Horren ordez, Orlando lanarekin inauguratuko dute ikasturtea. Virginia Woolfen izen bereko liburuan oinarritutako komedia da. Teatro de Fondo konpainiak ekoitzi du, eta Vanesa Martin da zuzendari eta dramaturgoa. Gustavo Galindo, Pablo Huetos, Carolina Rocha, Pedro Santos eta Rocio Vidal izango dira oholtza gainean.

Ondoren, aurrera egingo du agenda eszenikoak, eta honako proposamen hauek nabarmendu dituzte antolatzaileek:

  • Urriak 20, ostirala: Divulgadoras de la historia podcasta, Aldabe gizarte etxean.
  • Azaroak 9, osteguna: Kilimaterioa bat-bateko bertsoak eta bakarrizketa, Jesus Ibañez de Matauco antzokian.
  • Azaroak 24, ostirala: Nire irudia zure haragian antzezlana, Aldabe gizarte etxean.
  • Abenduak 15, ostirala: Nadie hablará de nosotras ikuskizun musikala, Aldabe gizarte etxean.
  • Martxoak 14, osteguna: Rodrigo Cuevasen kontzertua, La Romería proiektu musikal berriarekin, Principal Antzokian. Emanaldia denboraldi honetan Jabetze Feministarako Eskolaren apustu nagusia da.
  • Maiatzak 9, osteguna: Lo Normal antzezlana, Felix Petite Antzokian.
  • Maiatzak 18, larunbata: Bollo-Trans Bertso Saio Musikatua, Jesus Ibañez de Matauco antzokian.
  • Maiatzak 25, larunbata: Wateke inprobisazio ikuskizuna, Jesus Ibañez de Matauco antzokian.

Ikasturtearen itxiera maiatzaren 30ean, ostegunean, izango da, Landatxo Gizarte Etxeko kiroldegiko kantxan, Festa eta Alarma Morea taldeen kontzertuarekin.

Zinema

Bestalde, Jabetze Feministarako Eskolak kalitate handiko zinema zikloa eskainiko du Florida zinemetan, filmen emankizunen osteko hitzaldiekin. Entre3 zineforumaren barruan, honako proiekzioak izango dira:

  • Urriak 19, osteguna: Mi país imaginario filma, Txileko 2019ko urriko iraultzari buruz.
  • Azaroak 23, osteguna: Las buenas compañías lana, Espainiako trantsizioko feminismoari buruz.
  • Urtarrilak 25, osteguna: Plan 75 filma, Japoniak biztanleriaren zahartzeari aurre nola egiten dion azaltzen duena.
  • Otsailak 29, osteguna: La consagración de la Primavera lana, neska baten eta garun-paralisia duen mutil baten arteko harremanari buruzkoa.
  • Maiatzak 16: Petit mal filma, emakume hirukote baten bizikidetzari buruzkoa.

Zine-forumerako gonbidapenak emanaldi bakoitza baino bi hilabete lehenago eskura daitezke.

Hitzaldiak

Emakumeen Etxean izango dira egitarauaren barruko konferentziak, eta hizlari ezagunak izango dira (aurrez aurreko konferentziak streaming bidez ere jarraitu ahal izango dira):

  • Urriak 10, asteartea: Deseos y mercados reproductivos: más allá de las técnicas, Sara Lafuente.
  • Azaroak 14, asteartea: Mujeres asesinadas, comunidades heridas y asesinos normales, Norma Vazquez.
  • Abenduak 12, asteartea: Munstroak hemen dira. Lodifobia suntsitzeko lehen pausoak, Itziar Reguero, Mijo Lizarzaburu eta Laura Galarren eskutik (Ezin Kabituko kideak).
  • Urtarrilak 9, asteartea: Decir no o decir sí: el problema del consentimiento, Clara Serra.
  • Otsailak 13, asteartea: El sexo como campo de batalla. ¿Por qué una sexología feminista crítica?, Noemi Parra.
  • Martxoak 12, asteartea: Patronato de protección a la mujer. Una institución de represión franquista sepultada por la historia, Andrea Momoitio.
  • Apirilak 9, asteartea: Yo por ellas, madre y ellas por mí, Justa Montero, Anabel Sanz del Pozo eta Marina Sagastizabal. Greba feministen ondorengo feminismoaren indarrari buruz.
  • Maiatzak 7, asteartea: Hezkuntzaren legeak ezbaian, Arantza Fernandez de Garayalde eta Teresa Maldonado.
  • Maiatzak 21, asteartea: Envejecimientos y diversidades sexuales y de género, Joel Maria Mesqueida.

Horrez gain, zikloaren barruan online hitzaldiak ere izango dira: Herri handiaren hitzaldiak, infernu txiki baterako, Aitziber Perez de Karkamo kazetariak koordinatuta. Horren bitartez, Berdintasun Zerbitzuak beste leku batzuetako diskurtsoei eta jarduketei emango die ahotsa:

  • Azaroak 28, asteartea: Contra-pedagogías de la crueldad, Rita Laura Segata.
  • Martxoak 26, asteartea: Resistencia migrante y antirracista, Louelia Mint El Mamyk (Lala).
  • Apirilak 23, asteartea: Entre la impunidad sexista y la demagogia punitiva, Ileana Arduino.

Ikerketa feminista

Beste ekimenetako bat Ahalduntze Feministarako Eskolak EHUko Emakume eta Gizonen Berdintasunaren gaineko Masterra: Berdintasun Agenteak masterrarekin batera antolatu duen Ikerketa Feministako Lanen IV. Lehiaketa da. Ekimen berritzailea da, eta ezagutza eta ikerketa feminista sustatzea du xede, Gasteizen ahalduntze feminista lortzen laguntzeko.

Lanak proposatzaileen intereseko gaiei buruzkoak izango dira, eta ahalduntze feministarako esperientziei edo Gasteizko emakumeen zein LGTBI pertsonen eskubideen aldeko eraldaketa sozialari ekarpena nola egin erreparatu beharko diote. Lehiaketak ikerketa-lanean laguntzea aurreikusten du, arlo akademikoan edo ikerkuntzan profesionalki aritzen ez diren pertsonek ekimen honetan parte hartu ahal izan dezaten.

Irailaren 27ra arte aurkez daitezke proposamenak, eta horietako bi aukeratuko dira. Bakoitzak 4.800 euro jasoko ditu.

'Feminismoan itzel'

Feminismoan itzel programarekin, eskolak 3 eta 18 urte bitarteko pertsonentzako hamabi jarduera eskainiko ditu: besteak beste, indarkeria matxista prebenitzeko tailerrak, autodefentsa, capoeira, antzerkia, ipuinak eta hilekoari buruzko zalantzak argitzeko saioa.

Emakumeen Etxea

Irailaren 4tik aurrera, Gasteizko Emakumeen Etxea ohiko ordutegira itzuliko da: astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Liburutegi feminista edo etxeko langileentzako eta zaintzaileentzako aholkularitza soziolaborala bezalako zerbitzuak eskaintzen ditu. Halaber, kolektibo eta talde feministek erabil ditzaketen gelak daude bertan, eta hainbat jatorritako amak edota emakumeak elkartzeko espazioak eskaintzen ditu. Halaber, hitzaldiak, wikitopaketak eta bestelako jarduerak antolatzen ditu urtean zehar.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide