27 nekazari boluntario baso-suteei aurre egiteko

Erredakzioa 2023ko uzt. 27a, 10:00
Baso-suteen aurkako planaren aurkezpena, suhiltzaileen parkean. Argazkia: Gasteizko Udala

Baso-suteen aurkako planaren barruan, boluntarioek suhiltzaileen prestakuntza jaso dute, beren makinak suteak itzaltzeko eta prebenitzeko erabiliko dituzte, eta Whatsapp talde baten bitartez koordinatuko dira.

Klima aldaketaren ondorioz, bero-boladak aurreratu egin dira, luzeagoak eta gogorragoak dira, eta prezipitazioak kontzentratuagoak. Hortaz, Gasteiz udalerrian baso-suteak pizteko probabilitatea areagotu egin da azken urteetan. 2022an sute ugari piztu ziren Arabako hiriburuaren inguruko landa eremuan: 383 hektarea erre ziren; 32 hektarea Mendozan; 65 hektarea Garaion; 12 hektarea Mendiolan; 32 hektarea Argandoñan; bost hektarea Otogoienen; 20 hektarea Martioda eta Mendoza artean; eta 30 hektarea Trebiñu-Argote aldean.

Aurten horiei aurre egiteko irtenbide egokia bilatu nahi dute erakundeek. Asteazken honetan, Gasteizko Udalak baso-suteen aurkako plana aurkeztu du. Suteak ekiditeko ohiko gomendioez eta sentsibilizazio kanpainaz gain, plan berezia izango da aurtengoa. Agirrelandako suhiltzaileen parkean Landa Eremuaren zinegotzi Miren Fernandez de Landak azaldu duenez, "arazoei aurrea hartzeko, prebenitzeko eta prestakuntza eskaintzeko" helburua izango du; berarekin izan da Suhiltzaileen Zerbitzuaren gaineko ardura duen Iñaki Gurtubai zinegotzia.

Plan berriaren nobedade nagusia nekazaritza eta abeltzaintza sektorearen partaidetza da. Izan ere, 27 nekazari boluntariok udalerri osoan banatutako talde bat osatu dute, baso-sute bat gertatuz gero jarduteko. Alde batetik, Suhiltzaileen Zerbitzuak trebatu du taldea, sutea gertatzen den lehen uneetan in situ lan egin dezaten: basoko suteek nola funtzionatzen duten, zer egin sute bat detektatuz gero, zer egin lehen uneetan, nola ekidin arriskuak, zer elementu eraman ibilgailuetan sute txikiak itzaltzeko...

Bestalde, boluntarioen lana errazteko jarduera eta koordinazio protokoloa idatzi dute, baita Whatsapp talde bat sortu ere. Horri esker, edozein kidek eman dezake sute posibleen berri, eta, eskuragarri dituzten baliabideen arabera, laguntza eskaini. Eremu ugaritako basozainak ere taldean sartuta daude, eta haiek izango dira Suhiltzaileen Zerbitzuari jakinaraziko diotenak zer boluntario dauden prest eta zer bitarteko duten. Hortik abiatuta, Aginte Zentroak kudeatuko du dispositiboa.

Horrez gain, planak basoetako baldintzak hobetzeko jarduerak jaso ditu ere: besteak beste, suebakiak mantentzea, zerrenda laguntzaileak sortzea, onibarretan egur-sortak markatzea edo kartografia osoa berrikustea.

MAPA

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide