Mehatxatutako mirotz zuriaren bi ale markatu ditu Udalak

Erredakzioa 2023ko uzt. 24a, 17:30
Markatutako bi mirotz zurietako bat. Argazkia: Gasteizko Udala

Oso espezie zaurgarria da, eta geolokalizazioak oso informazio baliotsua eskaintzen du txitak galtzea ekiditeko. Uda honetan, txiten %25 galdu dira baldintza klimatikoen ondorioz.

Gasteizko Udaleko Landa Eremuaren Zerbitzuak, Hontza Natura Elkartearekin elkarlanean, mirotz zurien bikote bat markatu du, besteak beste, geolokalizatuta izateko. Azken urteetan, nabarmen gutxitu da espezie horren populazioa, baita mirotz urdinarena ere: 2012tik, bikoteen %35 inguru galdu dira, eta azken hilabeteetan, baldintza klimatiko txarrak direla eta, txiten %25 inguru galdu dira.

Aurten egindako prospekzioan, mirotz zuriaren sei habia bakarrik topatu dituzte Araban, haietako bat Gasteizen; eta mirotz urdinaren 24, horietako bi Gasteizen.

Geolokalizazioa GPS trasmisore bidez egingo dute, eta horrek, besteak beste, informazio baliotsua eskainiko du kokapenari, bizi eremuei, migrazio ibilbideei, negutokiei eta errunaldiei buruz. Haien ohiturei eta biologiari buruzko ezagutza horiek lagungarriak dira espeziea babesteko. "Habien kokapena identifikatuta eta txiten bilakaera kontrolatuta, errunaldiak aurrera ateratzea berma daiteke eta, bestela, nekazariekin akordioak adostuta edo Martiodako Faunaren Suspertegira eramanda habiak babes daitezke", azaldu du Miren Fernandez de Landa Landa Eremuko zinegotziak.

2022an jarri zuten lehen GPS igorgailua bi mirotz urdin helduri. Arrari Gasteiz izena jarri zioten, eta Mendoza emeari. Ordutik ari dira bi horien jarraipena egiten. Aurten, berriz, bi mirotz zuri heldu markatu dituzte: emeari Landa izena jarri diote, eta arrari, berriz, Aberasturi. Egoera onean, osasuntsu eta ondo elikatuta zeuden; laster, uzta garaiarekin batera, habiatik txitak kenduko dituzte haien garapena Martiodako zentroan osatu eta gerora ingurune naturalean aske uzteko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide