Elikadura burujabetzaren aldeko jardunaldia ospatu dute Judimendin

Erredakzioa 2023ko mai. 15a, 10:00

Larunbatean, elikadura ereduen inguruan hausnartzeko solasaldiak, herri bazkaria, agroindustriaren aurkako protesta eta kale animazioa izan ziren Judimendin, Batuta elkartasun sareak antolatuta.

Jaten uzten digutena gara. Agroindustriaren aurrean auzoak burujabetza! lelopean, elikadura burujabetzaren eta agorekologiaren aldeko egun osoko jardunaldia antolatu zuen larunbatean, maiatzaren 13an, Judimendiko Batuta Elkartasun Sareak.

Lehenik eta behin, bizitzaren garestitzea salatu dute: "Egun, duela urtebete baino %3,3 garestiagoa da EAEn bizitzea; duela bi urte baino %13,2 garestiagoa, eta 2016an baino ia %21 garestiagoa. Bitartean, soldata errealak eta gure kontsumo ahalmena jaitsi dira: 2020rekin alderatuta, erosketa ahalmena urtean 850 euro txikiagoa da", ohartarazi dute.

"Guk erosketa saskia ordaintzeko gero eta arazo gehiago ditugun bitartean, agroindustriaren mozkin ekonomikoak areagotu egin dira. Mercadonak, esaterako, 718 milioi euroko etekinak izan ditu 2022an, aurreko urtean baino %5,6 gehiago. Izan ere, inflazioaren %90a enpresen marjina ekonomikoen handitzeagatik eratorri da".

Judimendiko elkartasun sareko kideen ustez, hori guztia "oso era indibidualean bizitzen ari den arazoa da", eta bakoitzak bere etxean edo gertukoekin bizitzen ari garen larrialdia "arazo kolektiboa" dela ikusarazi nahi dute, eta "komunitatea oinarri izanik erantzutea".

Egun osoko egitaraua

Egoera horren aurrean tresnak eskaintzeko asmoz, Batuta sareak egun osoko egitaraua antolatu zuen larunbatean, maiatzaren 13an. 11:00etan hasi ziren jarduerak, SUmendi Espazioan, Bioalai, Bionekazaritza, Herrizoma eta Aguraingo Ekonomatoaren eskutik egindako mahai-inguruarekin. 13:00etan ordu erdiko atsedenaldia eta hamaiketakoa egin zuten, 13:30ean Landa eta auzoa hurbilduz nekazarien tertuliarekin jarraitu aurretik.

15:00etan auzo bazkari herrikoia egin zuten SUmendin, auzoan erositako Arabako produktu agroekologikoekin. 16:30ean, bazkalostea girotzeko, bingo musikatuaren txanda iritsi zen, baita Betina Campoalegreren Ya llegó la revolución hormonal antzerki parte-hartzailearena ere. 17:30ean, Agroindustriaren aurrean auzoak burujabetza lelopean, protesta kalejira egin zuten auzoan zehar, enpresa handiek eta supermerkatuek jokatzen duten papera salatzeko.

Elikadura eredu alternatiboak

Alde batetik, erosketa saskiaren garestitzearen atzean dauden enpresa handien "eredu agroindustrial-kapitalista" salatu nahi du Batuta sareak. "Enpresa horien helburu bakarra oinarrizkoa den ondasun batekin ahalik eta etekin handienak lortzea da; eta horretarako prezioak puztu behar badituzte, puztuko dituzte", kritikatu dute. Bestetik, "eredu alternatiboak eskaintzen dituzten egitasmoak" ezagutarazi nahi dituzte.

Azkenik, "komunitatea indartzeko" helburua izan du jardunaldiak. "Erosketa saskiaren garestitzea eta honi aurre egiteko zailtasunak izatea ez da arazo indibiduala, egiturazkoa da eta gehiengoari eragiten digu. Partekatzen dugun auzi hau kolektibizatzea da gure lan filosofia", aldarrikatu dute.

Era berean, auzoaren eta landa eremuaren arteko lotura indartu nahi dute: "Supermerkatuetan oinarritutako kontsumo ereduak eredu agroindustrial-kapitalista indartzeaz gain, arazoaren indibidualizazioa zein auzoaren eta landa eremuaren urruntzea dakar. Elikagaiak apaletatik erosketa saskira doaz zuzenean; non, nola eta zein baldintzatan ekoiztu diren jakin gabe".

Larunbateko jardunaldiaren bitartez, "txikitasunetik eragiten hasi" nahi dute Judimendin: "Batuta sarean ditugun gaitasunak mobilizatu, lehen aletxoa jarri eta eraldaketarako hummusa auzoan sortzen saiatu".

"Hala ere, badakigu irtenbideak ez daudela auzo mailan soilik, eta, beraz, beste eragileekin zein markoekin elkarlanean aritu beharko dugu aipatutako helburuak gauzatzeko. Horregatik hainbat eragilerekin saretzeko egun aproposa izan daiteke. Auzoak eraldaketa-nodoak izan daitezke; gure egunerokotasunaren erreferentziazko espazioak diren heinean. Betiere kontuan izanik helburua ez dela alternatiba isolatuak biderkatzea, baizik eta eraldaketa nodo horiek elkarren artean lotzea baizik".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide